Ekonomia -
Kaudimen ekonomikoa
Banku eta kutxen kaudimenaren berri emango dute gaur
EBk eskatutako azterketen emaitzak kaleratuta, fidagarritasuna berreskuratzea espero dute. Salgado ustetan, Espainiako banku eta aurrezki kutxek nota ona aterako dute eta ez dute laguntzarik beharko.
Erredakzioa
Europako 91 banku eta aurrezki kutxari egin dizkioten kaudimen testen emaitzak emango dituzte ezagutzera gaur. Besteak beste, Alemaniako 14 kreditu-entitate eta Espainiako 27 aztertu dituzte. Emaitzok Europako finantza sektorearen egoera argitzen lagunduko dute.
Europako Banku Gainbegiraleen Batzordeak (EBko estatu guztietako ordezkariek osatzen duten erakunde aholkularia) Europako banku eta kutxei egindako azterketen informazio orokorra eta ondorioak kaleratuko ditu.
Era berean, banku bakoitzak emaitzei buruzko xehetasun gehiago emango ditu.
Test horiekin banku bakoitzaren gaitasuna aztertzen da; besteak beste, kredituetako, merkatuko edo zor subiranoko arriskuak gainditzeko gaitasuna neurtzen dute.
EBk eskatutako azterketen emaitzak kaleratuta, fidagarritasuna berreskuratzea espero dute. Salgado ministroaren ustetan, Espainiako banku eta aurrezki kutxek nota ona aterako dute eta ez dute aparteko laguntzarik beharko.
Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadoreak frogen emaitzak azalduko dizkie hedabideei eta larunbatean gauza bera egingo du analistekin.