Ekonomia -
2017ko txostena
Euskal industriak adierazleak mantentzea edo hobetzea aurreikusten du
Euskadiko enpresa-elkarteen eta klusterren erradiografia egin ohi duen Industria Abagunearen Behatokiak euskal ekonomiak hobera egin duela baieztatu du azken txostenean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2017ari begira, euskal industriako sektore guztietako hainbat enpresak beren adierazleak "mantendu edo handitu" egingo direla espero dute.
Hazkundea batez ere sektore hauetan aurreikusten da: bio-osasuna, automobilgintza, elikadura, energia eta fabrikazioko teknologia aurreratuak. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak jakinarazi duenez, sektore horietako ia enpresa denek (% 80 eta % 100 artean) aurreikusten dute beren jarduera hobetzea.
Sailburuak azpimarratu duenez, azken urteotan egoera "zailagoa" bizi izan duten sektoreetan ere, eraikuntza kasu, hazkundea aurreikusten dute aurtengo urteari begira. Siderurgia sektoreari dagokionez, 2017an jarduera mantenduko dela espero dute.
Industria Abagunearen Behatokia Bilbon elkartu da gaur Arantxa Tapia sailburua buru zuela, datuak aztertzeko eta etorkizuneko perspektibak azaltzeko. Aldi berean, euskal industriari babesa emateko haren sailak dituen lan ildoak aurkeztu ditu.
Eusko Jaurlaritzak 250 milioi euroko diru funtsa sortuko du euskal enpresetan inbertitzeko. Sailaren helburuetako bat atzerritik dirua erakartzea, baina erabakiguneak ez galtzea da. Tapiaren sailak lehenbailehen jarri nahi du abian, ahal bada urte amaiera baino lehen, baina denbora beharko dela ohartarazi du.
Bestalde, fiskalitateari dagokionez, Arantxa Tapiak ez du uste enpresentzat oztopo denik. Hala eta guztiz ere, euskal enpresen lehiakortasuna bermatu behar dela nabarmendu du.