Ekonomia -
Diputatuen Kongresua
Lan-erreforma babestea lortzeko 17 zuzenketa aurkeztu ditu PSOEk
"Mozkinen murrizketa nabarmen batek" kaleratze objektiboa justifikatzea proposatu dute sozialistek.
Erredakzioa
Lan-erreformari 17 zuzenketa aurkeztu dizkio gaur PSOEk. Horrela, talde ezberdinen babesa lortzea espero dute sozialistek, ostegunean erreforma Diputatuen Kongresuko "gehiengo zabal batek" babesteko.
Aurrenekoz, zuzenketetako batean kaleratze objektiboak emateko arrazoi ekonomikoak zehazten ditu PSOEk, alde guztiek eskatu bezala (alderdiek, enpresaburuek eta sindikatuek).
Galerak izatea, mozkinek "nabarmen" behera egitea eta likidezia falta dira PSOEk proposamenean barneratu dituen hiru hipotesiak.
Horrela, transakzio-zuzenketaren arabera, kaleratze objektiboa aplikatzeko enpresak "erabakiaren arrazoizkotasuna soilik" justifikatzeko aukera desagertu egiten da. Kaleratzeak 20 eguneko kalte-ordaina du lan egindako urte bakoitzeko.
Ez zaio CiUri gustatzen, bai EAJri eta PPri
Formula hori desagertaraztea ez da CiUren gustuko, baina PPk eta EAJk onartzen dute. Kaleratze mota horren hiru hipotesi berriek arrazoi ekonomikoak azaltzen dituzte, PPren eta EAJren esanetan.
Beste zuzenketa batzuk lan zerbitzu publikoak indartzeko bideratu ditu PSOEk (BNGk eskatu bezala). Aldi baterako ezintasunean, haurdunaldian, amatasunean edo adopzioan arriskua, eta edoskitzaroan eta aitatasunean enplegua sustatzeko kontratuen iraupen maximoa etetea proposatzen dute zuzenketek.
Orain taldeek ostegunera arte dute zuzenketak aztertzeko, eta babestuko ote dituzten erabakitzeko.