Ekonomia -
Lehen eguna burtsan
Gestampen akzioak % 4,4 jaitsi dira burtsan sartu den egunean
Burtsan bere ibilbideari ekin dionean lortu du euskal enpresak balio handiena, akzio bakoitzak 5,58 euroko prezioarekin.
Agentziak | Erredakzioa
Gestamp euskal enpresak, ibilgailuen sektorerako lehen mailako hornitzailea denak, ostiral honetan bertan ekin dio burtsan bere ibilbideari. Konpainia horrek galerekin itxi du eguna, eta % 4,46 egin du atzera akzioak. Hala, akzio bakoitzak 5,35 euroko prezioarekin itxi du eguna.
Zehazki, Gestamp euskal enpresaren akzio bakoitza 5,58 eurorekin atera da burtsara, Madrilgo Burtsan egindako ekitaldi ofizialean. Ibilgailu sektoreko enpresak jaitsiera txiki batekin hasi du ibilbidea (% 0,3 galduta). Hasieran 3.222 milioi euroko merkatu-balioa aitortu zaio konpainiari, eta akzioak 5,6 eurotan atera dira.
Burtsara irten denetik galerak izan ditu Gestamp euskal enpresak, baina minutuek aurrera egin ahala jaitsiera nabariagoa egin da. Hala, zenbait unetan % 3ko galerak izan ditu, lehen egun honetan izan duen jaitsierarik nabariena % 8,75ekoa izan den arren.
Burtsan bere ibilbideari ekin dionean lortu du Gestamp konpainiak balio handiena, akzio bakoitzak 5,58 euroko prezioarekin. Bestalde, balioen jaitsiera nabariagoa izan denean akzio bakoitzaren prezioa 5,11 eurokoa izan da.
Ohiturari jarraituz, Francisco Riberas Gestamp enpresaren arduradun nagusiak kanpaia astindu du ibilbide berriari ekiteko. Bere esanetan, azken urteotan lortutako emaitzek garrantzi handiagoa dute, eta 2016an 7.500 milioi euro irabazi zituztela gogoratu du.