Ekonomia -

Negoziaketak bultzatzeko

Blancorekin biltzea eskatu dute aire-kontrolatzaileek

Aire-kontrolatzaileen sindikatua kexu da, AENAk proposamenei erantzuteko orduan duen atzerapenagatik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Blanco Sustapen ministroarekin biltzea eskatuko du USCA aire-kontrolatzaileen sindikatuak ostiral honetan. AENArekin mantentzen ari den negoziaketari "bultzada" eman nahi dio USCAk. Hitzarmen kolektiboa negoziatzen jarraituko dute gauean eta ostiralean.

Bileran egindako atsedenaldi batean, Cesar Cabo USCAren bozeramailea kexu azaldu da, AENAk proposamenei erantzuteko orduan duen atzerapenagatik.

Horregatik, negoziaketekin jarraitzeaz gain, kontrolatzaileak Sustapen Ministeriora joango dira ostiral honetan, ministroarekin biltzea eskatzeko, prozesua bizkortu nahian.

Aire-kontrolatzaileak eta AENA hitzarmen kolektiboaren negoziatzeko bilduta daude. Horrela, atzo USCA sindikatuak aipatutako abuztuaren 16tik aurrera izango litzatekeen greba ekidin nahi dute. Atzoko bileran "aurrerapausotxoak" eman zituztela onartu dio Cesar Cabo USCko bozeramaileak Europa Pressi eta lanuzteen deialdia saihesteko "bide horretan jarraitzea" espero duela adierazi du.

Atzo aztertu zituzten gaiak

Kontrolatzaileek AENAri bidalitako 12 proposamenak eztabaidatu zituzten atzo, tartean, euren lana eta atsedenak arautzen dituen lege-dekretua "berehala" ezartzea eta ''espres zerbitzuak'' bertan behera uztea.

AENAk bere aldetik, 2013ra arteko 200.000 euroko urteko soldata agindu zien kontrolatzaileei eta sindikatuak, eskaintza hori "hasieratik" egin dietela erantzun du. Hain zuzen, haien lan baldintzen ingurukoek egoera hau eragin dutela azpimarratu du USCAk.

Chaves, kontrolatzaileen aurka

Krisi garaian, kontrolatzaileek euren "pribilegioak" babestea gaitzetsi du Manuel Chaves Espainiako Gobernuko presidenteorde hirugarrenak eta Exekutiboaren 200.000 euroko eskaintza "oso zentzuzkoa" dela iritzi du.

Horren harira, grebaren data argitu ez dutela adierazi du Chavesek kontrolatzaileen helburua ekonomiari eta gizarteari "min egitea" delako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea