Ekonomia -

Munduko ekonomia

Ekonomia japoniarra nabarmen moteldu da, Txina baino gutxiago haziz

Herrialde nipondarrak munduko bigarren potentziaren lekua gal dezake, kontsumo pribatuaren eta enpresa-inbertsoen indar txikien eta Txinako ekonomiaren bultzadaren ondorioz.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Japoniako ekonomiak geldialdi garrantzitsua izan du apirila eta ekaina bitarteko hiruhilekoan. %0,4 bakarrik hazi da, Txinak baino nabarmen gutxiago eta, ondorioz, azken honek bigarren potentzia mundialaren lekua kendu diezaioke.

Gobernu japoniarrak astelehen honetan jakitera emandako datuen arabera, ekonomia urteko %0,4ko erritmoan hazi da, %0,1 bakarrik aurreko hiruhilekoarekin konparatuta. Datu hauek aurreko epekoen oso atzetik daude (%4,4 eta %1,1, hurrenez hurren).

Txina, bestalde, %10,3 hazi da bigarren hiruhileko honetan eta 2010 urtea %9tik gorako hazkundearekin amaitzea espero du. Datu hauekin, Txina munduko bigarren ekonomia bihurtuko litzateke, AEBren atzetik.

AEBren eta Alemaniaren hazkundeen atzetik

Askoren esanetan, Txinak aurten bertan aurreratu dezake Japonia. Azken honek, bere ekonomia suspertzeko asmoz, hainbat neurri hartu ditu. Japoniarren oztopo handienen artean BPGaren %200aren mailan dagoen zor publiko erraldoia eta %3ko hazkundeko prebisio ahula daude.

Puntako gainontzeko ekonomiekin alderatuta, AEBk eta Alemaniak baino hazkunde mantsoagoa izan dute japoniarrek. Estatubatuarrak %2,4ko erritmoan hasi dira aurten eta alemaniarrak, berriz, %2,2 hazi dira aurreko hiruhilekoarekin konparatuz.

Japoniako ekonomiak gaitz nabariak dauzka: kontsumo pribatuak BPGko %60 suposatzen du eta azken hilabeteetan igoera minimoak izan ditu. Gauza bera gertatzen da enpresa-inbertsioekin. Azken hauek %0,5 igo dira, azken hiru hiruhileetako daturik txarrera.

Urtea bukatu arte geratzen diren hilabeteei begira ere, aurrikuspenak ez dira batere onak, izan ere, Txinako txanpona azken 15 urteetako maila gorenetik gertu dago, eta horrek min handia egiten die Japoniako esportazioei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea