Ekonomia -

LAB-en IX. Kongresua

Garbiñe Aranburu aukeratu dute LABeko idazkari nagusi, botoen %91,5 lortuta

Aranbururen zuzendaritza taldea 18 emakumezkok eta 19 gizonezkok osatzen dute; Igor Arroyo izango da idazkari nagusiaren ondokoa.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusi berria Ainhoa Etxaideren ondoan. Argazkia: EFE
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusi berria Ainhoa Etxaideren ondoan. Argazkia: EFE
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusi berria Ainhoa Etxaideren ondoan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garbiñe Aranburu aukeratu dute LABeko idazkari nagusi berri, botoen % 91,5 eskuratuta. LABek 40.500 afiliatu ditu eta bigarren indarra da.

Sindikatua IX. Kongresua egiten ari da Gasteizen, 'LAB 4.0 Gure Garaia' goiburupean. Biltzarra goizean hasi dute eta bihar bukatuko da, Aranbururen hitzartzearekin.

Aranburu LABeko hirugarren idazkari nagusia izango da, Ainhoa Etxaidek eta Rafa Diez Usabiagak egindako bideari jarraituz.

Aranbururekin batera, LABeko Batzorde Nazional berriko kideak ere aukeratu dituzte. Era berean, sindikatuaren lan-ildo politiko-sindikalaren txostena eta Euskal Herriko gatazkaren konponbiderako eta migratzaileei buruzko ebazpen bana ere onartu dituzte.

Aranburu (Zaldibia, 1973) lan-harremanetan diplomatua da eta negoziazio kolektiborako LABen arduraduna izan da orain arte.

Aranbururen zuzendaritza taldea 18 emakumezkok eta 19 gizonezkok osatzen dute; Igor Arroyo izango da idazkari nagusiaren ondokoa.

LAB sindikatuaren biltzarrean 500 kongresista eta nazioarteko 34 delegazio ari dira parte hartzen. Gainera, beste sindikatu batzuetako ordezkariak (ELA, ESK, Steilas eta EHNE) eta Sortu, Ernai, Sare edo Bilgune Feminista bezalako eragileak gonbidatu dituzte.

LAB SINDIKATUA 9 KONGRESUA EFE

(LAB sindikatuaren IX. Kongresua. Argazkia: EFE)

Etxaide: 'Aldaketa sozialak independentziarekin soilik lor daitezke'

Goizeko saioan, Ainhoa Etxaidek idazkari nagusi izan den bost urteotan sindikatuak egindako ibilbidearen balantzea aurkeztu du eta biltzarkideek aho batez onartu dute.

Etxaidek "independentziaren aldeko mugimendu sendoa" ezinbestekotzat jo du, burujabetzaren bidean aurrera egin eta herri honek behar dituen aldaketa sozialak gauzatu ahal izateko.

Etxaidek esan du ez dagokiola berari sindikatuaren etorkizunaz hitz egitea, baina erantsi du LAB prest dagoela "klaseen arteko borroka garai berrira egokitzeko".

Ildo horretan, Etxaidek esan du beharrezkoa dela burujabetzaren bidean aurrera egitea, "estatus politiko berri bat lortu, egungoa agortuta baitago, eta eredu ezberdin bat eraikitzeko".

Horrez gain, Etxaidek azpimarratu du sindikatuak 40.500 afiliatu dituela eta % 90ean autofinantzatu egiten dela afiliatuek ordaindutako kuoten bidez. Horrela bada, "bost urteotan ez dugu mailegurik eskatu behar izan eta erabakiak hartzeko libre gara", gaineratu du.

Afiliatu gehienak Gipuzkoan ditu (% 38), Bizkaian % 31, Nafarroan % 21 eta Araban % 9,5.

Rafa Diez Usabiagaren mezua

Bestalde, biltzarraren hasieran Rafa Diez Usabiagak  El Dueseko (Kantabria) espetxetik igorritako gutuna irakurri du haren semeak.

Diez 'Bateragune' deitutako auzian epaitu eta zigortu zuten, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguezekin batera. Bera da espetxean jarraitzen duen auzipetu bakarra.

LABeko kide guztiak sindikatuak bizi duen egoeraz "oso harro" egon behar dutela esan du eta sindikatuak izaera "soziopolitikoa" izaten jarraitu behar duela babestu du.

"Klaseen arteko borroka ez da enpresa barruan amaitzen; sindikatuak kontra-botere izan behar dira", nabarmendu du.

Amaitzeko, LABeko idazkari nagusiak adierazi du aldaketari ez zaiola beldurrik izan behar, "beldurra baita aldaketa ekiditeko etsaiak erabiltzen duen estrategia", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LAB Lana albisteak Gizartea albisteak Ekonomia Gaurko azken orduko albistea