Ekonomia -
LAB SINDIKATUAREN KONGRESUA
Aranburuk LAB eta ELA sindikatuen arteko aliantzaren aldeko apustua egin du
LABeko idazkari nagusiak aliantzak egiteko eta mobilizatzeko unea dela esan du, "patronalaren boterea mugatzeko eta gobernuek herritarren aldeko politika sozialak gauzatzeko".
Agentziak | Erredakzioa
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusi berriak esan du sindikatuak konpromiso berriak hartu behar dituela, "eztabaida politikoa baldintzatzeko unea delako".
Aranburu atzo aukeratu zuten LABeko idazkari nagusi, botoen % 91,5 ekuratuta. LABek bere IX. Kongresua egin du bi egunotan Gasteizen.
Biltzarrari amaiera emateko eskain duen hitzaldian, Aranburuk mobilizazioaren eta aliantza berriak egitearen garrantzia azpimarratu du, “eroso dagoen patronal harro eta oldarkorrari aurre egiteko”. “Patronalak botere guztia dauka, EAJ, UPN, PSE eta PSEren babesari esker”, deitoratu du.
Patronalari botere kentzeko aukera bakarra “mobilizazioa” eta ekintza sindikala “benetako kontra-botere” bilakatzea dela adierazi du. “Hori da bidea instituzioen eta patronalaren arteko sinbiosia hautsi eta botere publikoek herritarren onurarako politika sozialak egin ditzaten”, erantsi du.
“Politikagintza eragin nahi dugu, noski baietz”, azpimarratu du; izan ere, Arunburuk gogoratu du egun patronalak eragiten duela politikagintzan, “eskumenak zertarako eta noren mesedetan erabili behar diren markatzen dietelako administrazioei.
Era berean, “mobilizazioa ezinbestekoa da Euskal Herriak gai ekonomiko eta sozialetan erabakiak har ditzan, Estatu propioa izan dezagun eta estatus politikoari buruzko eztabaidan iruzur berri bat ematea saihesteko”.
Aranbururen arabera, lan-baldintza eta soldata prekarioak gai ekonomikoetan eta sozialetan erabakitzeko aukerarik ez izatearen ondorio dira.
Ildo horretan, EAJ gogor kritikatu du Espainiako Gobernuarekin eta Alderdi Popularrarekin egin duen ituna dela eta. “Estatuaren menpe jarraitzeari oniritzia eman diote, proiektu neoliberal bera konpartitzen dutelako”, kritikatu du.
Horrez gain, EAJk egonkortasuna eta aldebikotasuna zertarako aldarrikatzen dituen galdetu du: “Egonkortasuna norentzat? Ustelduta dagoen Gobernu batentzat? Gatazka konpontzeari uko egin eta erabakitzeko eskubidea onartzen ez duen Gobernu batentzat?”.
Kataluniako kasuak “agerian utzi du ez dagoela aldebikotasunerako aukerarik eta bide bakarra Estatuari aurre egitea dela”, gaineratu du.
Hori dela eta, Aranburuk nabarmendu du “eztabaida politikoa baldintzatzeko” unea dela, langileek “beste iruzur bat” onartu ezin dutelako eta horretarako LABek eta ELAk aliantza egin behar dutela babestu du, “norbere estrategiak albo batean utzita, ausardiarekin eta arriskuak hartuta”.
Aranbururen aurretik, Ainhoa Etxaidek agerraldia egin du agur esateko. LABeko zuzendaritzan egin dituen bederatzi urteetan hartutako esperientzia “bihotzean” eramango duela adierazi du.
Garbiñe Aranbururekin batera LABeko zuzendaritzan izango diren kide berriak ere aurkeztu dituzte. Igor Arroyo izango idazkari nagusiaren ondokoa.
Adolfo ‘Txiki’ Muñoz ere izan da LABeko biltzarrean eta Arunbururen antzeko adierazpenak egin ditu.
Bi sindikatuen arteko aliantza babestu du, baina horretarako bi erakundeen dituzten “ezberdintasunak” gainditu behar direla onartu du.
“Elkarlanean arituz gero, gauza garrantzitsuak egingo ditugu, politikagintza eta lan arloa baldintzatu ditzakegu eta subiranotasunaren bidea bultzatu”, azaldu du.