Ekonomia -

Hezkuntza

Euskadiko ikastetxeek zerga-heziketa ikasgaia irakatsi ahal izango dute

Gazteen artean iruzur fiskalari buruzko gizarte eztabaida indartzea da Eusko Jaurlaritzak eta EAEko foru aldundiek bultzatutako ekimenaren helburua.

Aldundiek eta Jaurlaritzak EAE osora zabalduko dute zerga-heziketa ikasgaia

1:14

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko ikasleek zerga-hezkuntza ikasteko aukera izango dute datorren ikasturtean, hala erabakitzen duten ikastetxeetan, DBHko laugarren mailatik aurrera. Orain dela hainbat urte Gipuzkoako ikastetxe batzuetan ezarri zuten aukera, ardura fiskalari buruz kontzientziatzeko.

Eusko Jaurlaritzak eta EAEko foru aldundiek ikastetxeetan ekonomia eta zergei buruzko ikasgaia eskaintzeko aukera ematea erabaki dute. Proiektuarekin bat egin nahi duten ikastetxeek egin ahal izango dute. Lau erakundeetako gobernu batzordeek bihar onartuko dituzte proiektuari buruzko hitzarmenak.

Iruzur fiskalaren aurka lan egiteko garrantziari buruzko gizarte eztabaida gazteen artean sendotzea da ekimenaren xedea. Euskadiko zerga-sistema ezagutarazteaz gain, zerbitzu publikoak ordaintzeko biltzen den diruaren erabilera azaldu nahi dute.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, eta EAEko hiru foru aldundietako Ogasun diputatuak izan dira aurkezpenean: Jose Maria Iruarrizaga (Bizkaia), Jabier Larrañaga (Gipuzkoa) eta Jose Luis Cimiano (Araba).

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak prestatuko du material didaktikoa, eta irakasleak heziko ditu. Ekonomia eta zergei buruzko oinarrizko ezagutzak eskainiko dituzte, baita zerbitzu publikoak eta ondasunak ordaintzeko iturriei buruzko informazioa ere.

Uriarte sailburuaren arabera, ikastetxe bakoitzak erabakiko du ekimenarekin bat egingo duen ala ez. Apurka-apurka, baina, gero eta ikastetxe gehiagotan ezartzea espero duela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia 2024 Gaurko azken orduko albistea Hezkuntzako albisteak 2024