Ekonomia -
Ministroen bilera
Langabeentzako 426 euroko laguntza sei hilabetez luzatu du Gobernuak
30 urtetik beherako, 45 urtetik gorako, eta familia mantendu behar duten 30 eta 45 urte bitarteko 219.000 langabek eska dezakete diru-laguntza hori.
Erredakzioa
Ministroen Kontseiluak langabezia-saria agortu duten langabeentzako 426 euroko diru-laguntza sei hilabetez luzatzea adostu du.
Bileraren ostean, Celestino Corbacho Lan Ministroak azaldu duenez, 30 urtetik beherako, 45 urtetik gorako, eta familia mantendu behar duten 30 eta 45 urte bitarteko langabeek eska dezakete hileko laguntza hori. Aurreko bi faseetako laguntzak 65 urtetik beherako langabeei zuzenduta zeuden.
Aurtengo abuztuaren 16tik 2011ko otsailaren 15era arte luzatuko dute diru-laguntza programa. 420.000 milioi euro banatuko dituzte eta 219.000 langabe izan litezke onuradurak, zehaztu du Corbachok.
Langabeek ezin dute langabezia-saririk kobratu eta lan-munduan txertatzeko programetan parte hartzeko konpromisoa hartu behar dute. Izan ere, Corbachok azpimarratu duenez, onuradunak lan merkatura "lehenbailehen bueltatzea" helburu du proiektuak.
Lan Ministerioaren datuen arabera, orain arte 615.700 langabe izan dira 426 euroko diru-laguntzaren onuradunak eta horietatik 189.000 (% 30,7) lana aurkitu dute.