Ekonomia -
Lan politika aktiboak
Egibar: 'Ez dugu INEMaren kartela bakarrik nahi, eduki osoa nahi dugu'
Bere ustez, Patxi Lopezek Kontzertuaren batzordea deitu beharko du eta lehendakariak "beldur handia" dio hiru ahaldun nagusiekin biltzeari.
Erredakzioa
Estatuko Aurrekontu Orokorrei begira, lan politika aktiboen negoziaketak "aurreko entsegu aproposa" izango direla adierazi du Joseba Egibar EAJko bozeramaleak eta GBBko presidenteak. Horren inguruan, EAJk "INEMaren kartela" bakarrik ez eduki osoa nahi duela gaineratu du.
Politikari jeltzalearen ustez, Patxi Lopez lehendakariak bere hitza bete eta Kontzertuaren batzorde mistoaren bilera deitu beharko du, nahiz eta, Egibarren esanetan, Patxi Lopezek hiru ahaldun nagusiekin biltzeari "beldur handia" izan.
Estatuko Aurrekontu Orokorren negoziazioari dagokionez, momentuz, EAJk ez du Zapatero presidenteak aurkeztu behar duen proiektuaren berri, baina bere alderdia elkarrizketarako prest dagoela argitu du Joseba Egibarrek.
Honen harira, Gipuzkoa Buru Batzarreko arduradunak enplegu politika aktiboekin gertatzen dena Aurrekontuen negoziaketetarako "entsegu aproposa" izan daitekeela gaineratu du.
Transferentziaren balioa
Transferentziaren balioa 480 milioi eurotakoa dela dio EAJk eta, azkenean, balio hori 300 milioietatik gertuago badago, konpetentzia horren "puntu garrantzitsu batzuk transferentziatik kanpo geratu direla esan nahi du".
Egibarren esanetan, EAJk "arretaz begiratuko du" transferentzia hori nola egiten den. Era berean, bere alderdiak transferentzia horri betoa jarri izana ukatu eta euren ardura nagusia guztia "beharrezko baldintzetan" egin dezatela dela azpimarratu du.