Ekonomia -
Lan-gatazka
Zamaketariek hiru greba-deialdi bertan behera utzi dituzte
Zamaketariekin akordio batera heltzearen aurka dauden enpresek patronala abandonatu dute eta sindikatuek gatazka konpontzeko aukera bat ireki dela uste dute.
Agencias | Redacción
Zamaketariek bertan behera utzi dituzte ostiral honetarako eta ekainaren 26rako eta 27rako deitutako lanuzteak, Anesco patronalean izandako azken mugimenduen ondorioz.
Konpainia batzuk sindikatuekin aldebiko akordioak egiten ari dira eta horrek eztabaida piztu du patronalaren baitako enpresen artean.
Enpresa horietako batzuk (Berge, Ership eta Algposa, adibidez) sindikatuekin ezer adostearen aurka daude eta patronala uztea erabaki dute.
"Portuetako kudeatzaileen interesak behar bezala defendatzen ez dituelako utzi dugu Anesco", esan du Juan Alvaro Gonzalez Ership konpainiako presidenteak.
Horiek horrela, sindikatuek datozen egunetako hiru lanuzteak bertan behera utzi dituzte, "elkarrizketarako prest gaudela adierazteko eta borondate oneko keinu gisa".
Bartzelonako zamaketa enpresetako elkarteko presidente Javier Vidalek gutuna igorri die, patronalaren egoeraren berri emanez eta datozen egunetako greba-deialdiak baliogabetzeko eskatuz.
Sindikatuak patronalarekin biltzeko dataren zain daude orain, eta enpresa gehienetan lortutako akordioak formalizatzeko itxaropena dute.
Aipatu deialdiak bertan behera geratu badira, lanuzte gehiago dituzte aurreikusita datozen asteetarako: ekainaren 29 eta 30erako eta uztailaren 3, 4, 6 eta 7rako.