Ekonomia -
Laborantza-politika
EHNEk elikagaien prezioen igoera eta espekulazioa salatu ditu
Euskal nekazaritza sindikatuaren arabera, "gaur egungo laborantza-politikak ematen dio bide nekazaritza-produktuekin, gizartearen elikaduraren lehengaiekin, espekulatzeari".
Erredakzioa
Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak,&' || 'nbsp;EHNEk, elikagaien prezioen espekulazioa salatu du, eta zerealaren prezioen igoera, "Errusiako lehortearen ondorioek eta mugen itxierek eragin omen dutena, espekulazio merkatuaren erakusgarri besterik ez da".
Zerealaren prezioen igoera % 30 eta % 40 ingurukoa izatea aurreikusten dutela adierazi du, eta irina egiteko garia tonako 150-200 euro garestitzea espero dute.
Horren harian, zerealisten arabera, "aurten egoera hobea izango da, baina arreta izateko unea da, prezioa ez baita benetakoa; fikziozko merkatuan lan egiten dutenek, artekariek, dirua irabazteko prezioa da".
Bestalde, EHNEk azaldu duenez, "zerealaren prezioen igoerak abeltzaintzaren produkzioaren gastuak altuagoak izatea eragingo du, pentsuaren kostua tonako 140-190 euro garestituko baita".
Ondorioz, sindikatuaren ustez, "artekariak kosteak aprobetxatuko dituzte haragiaren azken prezioa igotzeko, baserriko prezioek gora egin ez arren".
Nekazaritza sindikatuaren esanetan, "nekazariek prezio normalak, edo baxuak, jasotzen dituzte, baina artekariek, berriz, espekulazio-marjinak aplikatzen dituzte automatikoki".
"Ez dago nekazaritzako produktuak kontrolatzeko mekanismorik gizartea bidezko prezioetan elikatzea bermatzeko", horien hitzetan. Gainera, "irizpide eta kontrol gabezia horrek gorabeherak eragiten ditu produktuen kosteetan, sektorearen errentetan eta kontsumitzaileek ordaintzen dituzten prezioetan".
EHNEren arabera, nekazaritza eta abeltzaintza sektoreak prezio egonkorrak behar ditu produkzio gastuei aurre egiteko; are gehiago, "sektoreari ez zaizkio prezioen gorabeherak interesatzen, izan ere, ez diote mesederik egiten". Zehatzago esanda, "egungo Nekazaritza Politika Bateratuak, merkatuak araurik ez izatea baimentzen eta sustatzen duenak, uzten dio lekua nekazaritza-produktuekin, gizartearen elikaduraren lehengaiak direnekin, espekulatzeari".
Hori dela eta, elikagaien alorrean oinarri-oinarrian subiranotasuna duen laborantza-politika berri bat bultzatu behar da. Horretaz eztabaidatzen ari dira orain, eta 2013an sartuko da indarrean.