Ekonomia -
Turismoa
2017-2021 egitasmoan tasa turistikoa ezartzea proposatu du Donostiak
Donostiaren identitatea, donostiarren bizimodua eta kalitatezko turismoa babestea du helburu Turismo Gida berriak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiak tasa turistikoa ezartzea proposatu du 2017-2021 Turismo Gida berria deiturikoan, "turismo orekatua, iraunkorra eta kalitatezkoa" lortzea helburu. Bisitariek ostatu hartzerakoan ordaindu beharko lukete tasa turistikoa, eta, duela hiru urte egindako ikerketa baten arabera, 2 milioi euroko diru ekarpena egingo lioke hiriari. Donostiako Turismo Gida Plana gaur onartu dute Donostia Turismo & Convention Bureauko Administrazio Kontseiluan.
Ernesto Gasco Donostiako alkateordeak eta Manu Narvaez Donostia Turismoko gerenteak aurkeztu dute prentsaurrekoan 2017-2021 Turismo Gida.
Gascok azpimarratu duenez, "aldaketa adierazgarria" gertatu da orain arteko estrategiarekin alderatuta; izan ere, turisten kopurua haztea baino (1.250.000 bisitari izan zituen iaz) Donostia marka ondo kudeatzea du helburu.
Turismo zinegotziaren esanetan, Planak hiriaren estrategia kalitatezko hiri-turismorantz bideratzen du, "Donostiaren esentzia indargabetuko ez duena; aitzitik, hiriaren identitatea, balioak eta kultura sustatuko dituena".
"Kontrolik gabeko garapen baten ondorio negatiboak saihestea" eta donostiarren bizi kalitatea "bermatzea" dira helburuak, adierazi du Gascok.
Bestalde, jarduera turistikoa ondo kudeatzea eta antolatzea proposatzen du Planak; bereziki, apartamentu turistikoak eta mugikortasuna. Halaber, Udal Gobernua ordenantza bat prestatzen ari da, 2018ko udan indarrean sartzeko asmoz.