Ekonomia -
2016ko errenta
Gipuzkoak 24 milioi euroan hobetu du iazko errenta kanpainaren emaitza
'Emaitza 2016. urtean enpleguak eta soldatek izandako hazkundeen isla da, eta susperraldi ekonomikoaren adierazle da hau guztia', foru diputatuaren esanetan.
Agentziak | Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Ogasunak 52 milioi euroko emaitza negatiboarekin itxi du 2016ko errenta kanpaina, iazko emaitza 24 milioian hobetuz. Ogasun eta Finantza foru diputatuak, Jabier Larrañagak, ekonomiak hobera egin duela nabarmendu du hobekuntza azaltzeko. “Emaitza 2016. urtean enpleguak eta soldatek izandako hazkundeen isla da, eta susperraldi ekonomikoaren adierazle da hau guztia”, azaldu du.
Larrañaga Donostian agertu da gaur goizean, 2016ko errenta kanpainaren xehetasunak emateko. Berekin izan dira Jokin Perona, Ogasuneko zuzendari nagusia, eta Yolanda Dominguez, Zerga Kudeaketako zuzendariorde nagusia. Foru diputatuak azaldu duenez, guztira 374.591 aitorpen aurkeztu dira, iaz baino 1.893 gehiago. “2011. urtetik lehen aldiz, hau da, lau urte jarraian beheraka egin ostean, joera irauli egin da eta hazi egin da aitorpen kopurua”, nabarmendu du Larrañagak.
Foru diputatuak esker oneko hitzak izan ditu herritarrentzat, errenta kanpaina “normaltasun osoz” joan baita, eta aurtengo komunikazio leloa gogoratu du: “Zure ekarpenak, egunerokoan onura. Gogoan hartu”. “PFEZ eta gainerako zergen bilketari esker, gure egunerokoan eragiten diguten zerbitzu publikoak finantzatzen ditugu: egunero igarotzen garen errepidetik hasi, segi gure seme-alabek egiten duten eskola kirolarekin eta gure aitona-amonek jasotzen dituzten mendekotasun laguntzetaraino”, azaldu du. Hala ere, herritarrak lan egiten jarraitzera bultzatu ditu gizarte kontzientzia gehiago hedatu dadin, herritarren zerga betebeharren betetze-maila hobetzeko.
Zenbakiei dagokienez, Larrañagak azaldu du Gipuzkoako Foru Ogasunak 269 milioi euro itzuli dituela kanpainan zehar, eta 217 milioi euro jaso. Horrela, 24 milioi euroan hobetu da aurreko urteko kanpainaren emaitza, enplegu eta soldaten hazkundeak hauspotuta. “Noski albiste ona dela, baina ezin dugu erlaxatu. Asko geratzen zaigu agertokia egonkortzeko eta lanean jarraitu behar dugu, zuhurtzia bistatik galdu gabe”, azpimarratu du.
Aberastasuna eta Fortuna Handiak
Aberastasun eta Fortuna Handien gaineko Zergari dagokionez, Ogasunaren biketa 64,4 milioi eurokoa izan da, iaz baino 70.000 euro gehiago. Honela, egonkortu egiten da 2015ko kanpainan izandako hazkundea.