Ekonomia -

GETARIA

1.500 tona hegaluze arrantzatu dituzte kanpaina hasieratik

Gehiena modu jasangarrian jaso dute, eta Eusko Label zigiluarekin saldu. Aurten, Bizkaiko Golkoan jardun dira arrantzaleak.

Argazkia: Irekia
Argazkia: Irekia
1.500 tona hegaluze inguru arrantzatu dituzte Euskadin, lehen hilabetean

1:50

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurtengo kanpainak 1.500 tona hegaluze utzi ditu euskal arrandegietan, eta, gainera, Bizkaiko Golkoan arrantzatu dituzte.

Hegaluze kanpainaren erdia igaro denean, Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko eta Azpiegitura sailburuak horren balorazioa egin du Getarian.

Iaz baino apur bat gutxiago arrantzatu duten arren, "bide onetik doa" eta "hala jarraitzea espero dugu", esan du Tapiak.

Orain arte, arrantzatutako hegaluze gehienak Eusko Label zigiluarekin saldu dituzte.

Gainera, "modu jasangarrian" harrapatu dituztela azpimarratu du sailburuak.

Banan-banan harrapatuta

Eusko Jaurlaritzak, HAZIren bitartez, hainbat promozio jarduera egiten ditu produktua ezagutzera emateko eta hegaluzearen ospea eta salmentak handitzeko, esaterako, Euskadiko arrandegietan promozio jardueren bitartez, herrietako jaietan hegaluzea parrillan erreta probatzeko aukera emanez, eta establezimenduetan eta ekitaldietan publizitatea eginez.

Jaurlaritzak ohar baten bidez azaldu duenez, "Eusko Labela duen hegaluzea kalitate handiko arraina da, Euskadiko arrantza-ontziek banan-banan eta sarerik gabe harrapatutakoa, hau da, arrantza sistema tradizionala erabiliz harrapatutakoa: kanaberarekin (beita bizia) eta xaxian edo kazan".

"Metodo horiek, arrainaren kalitatea hobetzeaz gain, arrantza-tokien iraunkortasuna eta itsasoko baliabideen zaintza bermatzen dute. Arraina bereizteko, isatsean hautsi ezin den segurtasuneko zigilu zuri bat jartzen zaie Eusko Label sinboloarekin eta beste datu batzuekin, esaterako, horri bakarrik dagokion kontrol zenbaki batekin", gaineratu dute.

Argazkia: Irekia

Eusko Labela duen hegaluzeak honako ezaugarri hauek eduki behar ditu:

-Espeziea: “Hegaluzea (Thunnus alalunga)

-Arrantza-ontziak: EAEko ontziek harrapatutakoa, arrantza metodo tradizionalak erabiliz: beita bizia eta xaxiango edo kazako arrantza.

-Hautaketa zorrotza: tamaina eta freskotasunari begiratuta, bakarrik piezarik hoberenak aukeratu eta identifikatzen dira.

-Gutxieneko neurri bat izan behar dute: "Hegaluzea", 4 kilotik gora.

-Freskotasun kategoria adierazita eduki behar dute: "Apartekoa" eta "A".

-Portuak: EAEn baimendutako arrantza portuetan jasotzen dira (Hondarribia, Getaria, Bermeo, Ondarroa eta Pasaia).

Deskargen datuak

Orain arte 1.524,5 tona hegaluze lehorreratu dira, horietako 1.172,8 tona Gipuzkoako portuetan (675,8 Getarian, 473,5 Hondarribian eta 23,5 Pasaian), eta gainerakoa Bizkaiko portuetan (141 Ondarroan eta 210,7 Bermeon). Batez beste, kiloa 4,12 euro eta 4,49 euro bitartean saldu dute.

Oro har, orain arte erregistratutako harrapaketek Jaurlaritzak kanpainaren hasieran egin zituen "aurreikuspen baikor baina moderatua berretsi dute", 2015eko eta 2016ko kanpainek goranzko joera erakutsi eta gero.

Lonjako prezioak ere 2016koak baino hobeak dira, batez beste 3,79 euroan saldu baita kiloa, 2015ean baino 36 zentimo garestiago. 2016an euskal kofradietan enkantean jarritako hegaluze erdiak baino gehiago Getariako portuan deskargatu ziren, eta Hondarribia, Pasaia eta Ondarroa daude sailkapen horretan hurrengo. Bermeon bakarrik izan zen harrapaketa gutxiago, bakarrik kazako arrantza erabiliz harrapatzen baitituzte hegaluzeak bertako arrantzaleek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa EAE albisteak Ekonomia Gaurko azken ordukoa Arrantza kanpaina azken ordukoa Kantauri itsasoa