Ekonomia -
Abiadura Handiko Trena
Parisek ez du Lapurdin AHTarentzat trenbide berria egiteko asmorik
Proiektua baztertu egin dutela eta Hendaia eta Baiona arteko trenbidea egokitu egingo dutela esan dio SNCF tren konpainiaren buruak Euskal Elkargoaren presidenteari.
erredakzioa | eitb.eus
Frantziako Gobernuak ez du Ipar Euskal Herrian tren azkarrarentzat trenbide berririk eraikitzeko asmorik, eta proiektua baztertu egin dutela baieztatu zion joan den astean SNCF tren konpainiaren buruak Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoaren presidenteari, France Bleu irrati kateak zabaldu duenez.
Aipatu iturriaren arabera, Guillaume Pepy SNCFren buruak esan zion Hendaia eta Baiona arteko trenbide zatia egokitzeko lanak hasiko dituztela datorren urtean, eta ez dutela trenbide berririk eraikiko.
Duela hilabete inguru Bordelen Ekologia ministroak jakinarazi zuen Macronen Gobernuak baztertuta duela Abiadura Handiko Trenbidea Ipar Euskal Herriraino luzatzeko proiektua.
Egitasmoaren aurka ari den CADErentzat albiste ona da, baina egiaztatu eta argitu behar dela gaineratu dute bertatik.