Ekonomia -
Azpiegiturak
2020rako tren bidezko merkantzien garraioa bikoiztea adostu dute
Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek errepideetako zirkulazioa arindu nahi dute horrela. Itunarekin, onespena eman diete Lezon eta Jundizen egongo diren garraio azpiegiturei.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek akordioa lotu dute hamar urteren buruan tren bidezko merkantzien garraioa bikoizteko, errepideetako zirkulazioa arintze aldera.
Eusko Jaurlaritza bereziki gustura agertu da, Madrilen adostutako plan estrategikoarekin argi berdea eman baitiote EAEn tren bidezko merkantzien garraioa handitzea ahalbidetuko duten bi azpiegitura handiei.
Lezon, Pasaiako Badian, eta Arabako Jundiz industrialdean egongo dira kokatuta aipatu azpiegiturak.
7.512 milioi euroko inbertsioa
Tren Bidezko Merkantzien Garraioa Sustatzeko Planak 7.512 milioi euroko inbertsioa izango du, eta Sustapen Ministerioak, autonomia erkidegoek, beste erakunde eta administrazio batzuek, eta sektore pribatuak jarriko dute dirua.
Aurrekontuaren % 68,6 (5.154 milioi euro) diru publikoa izango da, Sustapen Ministerioak eta autonomia erkidegoek jarritakoa. Ekimen pribatuarentzat inbertsioaren % 31,4 utziko dute (2.358 milioi euro) eta aliantzak bilatuko dituzte trenbidez lotutako 34 logistika zentro eraikitzeko.
Portuetako tren sarbideen kasuan, portuetako agintaritzak ere parte hartuko du.