Ekonomia -
Bartzelonako aireportua
El Prat aireportuko gatazka konpontzeko laudoa ezarri du Espainiak
Bi aldeek 24 orduko gehienezko epea izango dute bitartekari bat aukeratzeko. Bestela, Sustapen Ministerioak pertsona bat izendatuko du hurrengo egunean.
Agentziak | Erredakzioa
Bartzelonako El Prat aireportuko lan-gatazka konpontzeko arbitrajea bete beharreko laudoa ezarri du asteazken honetan Espainiako Gobernuak, Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak gaur bertan jakinarazi duenez.
Bi aldeek 24 orduko gehienezko epea izango dute bitartekari bat aukeratzeko, arratsalde honetan Espainiako Ministro Kontseiluak egindako ezohiko bileraren ostean egindako agerraldian azaldu duenez Iñigo de la Serna ministroak.
Dagoeneko finkatuta dagoen epe horretan bi aldeek bitartekari bat izendatzea lortuko ez balute, kargu hori betetzeko pertsona bat izendatuko du Sustapen Ministerioak, 24 ordutan, eta bi aldeei alegazioak aurkezteko aukera emango die. Hala, gehienez hamar eguneko buruan erabaki bat hartuko du.
Sustapen ministroak azaldu duenez, Euleneko langileek segurtasun-kontroletan mugagabeko greba dela eta erabaki du Espainiako Gobernuak arbitrajea bete beharreko laudo baten bidez prestatzea. Beste arrazoi batzuen artean, “grebaren luzapena” eta negoziazioetan bi aldeek izan duten “jarrera bateraezina” aipatu ditu.
Hala, El Prat aireportuko lan-gatazka konpontzeko akordio hori “ezohiko izaera” duela nabarmendu du De la Sernak, eta beste aireportuetako langileekin dauden desberdintasunak kontuan izanda ezin dela horietara luzatu uste duela gaineratu du. Ildo horretatik, gainontzeko aireportuetan azpikontratatutako enpresak “efizienteak” direla esan du.