Ekonomia -
Enplegu politika aktiboak
Zubia:'Hobariak transferitzeak ez du kutxa bateratuan eraginik izango'
'Behe-behetik igotzen hastea gogorra eta motela' dela esan du Confebaskeko idazkari orokorrak Radio Euskadiko Boulevard saioan.
Erredakzioa
Enplegu politika aktiboak "zenbait erkidegok" jaso duten eskumena ezezik, Gizarte Segurantzari ordaindutako hobariak ere badirela esan du gaur Jose Guillermo Zubia Confebaskeko idazkari orokorrak. Espainiako Gobernua eta EAJ Enplegu-politika aktiboen transferentzia negoziatzen ari dira. Zubiaren hitzetan, hobari horiek ez ditu Gizarte Segurantzak ordaintzen, Enpleguko Institutu Nazionalak baizik. Beraz, hobarien transferentziak "ez du kutxa bateratuan eraginik izango", Confebaskeko buruaren ustez.
Gizarte Segurantzari eginiko hobari horiek gabe, transferentzia "ez da osoa izango", bere ustez.
Krisialdia
Euskadi "atzeralditik" atera dela onartu du Jose Guillermo Zubia Confebaskeko idazkari orokorrak, baina "krisialditik ateratzea" ez duela esan nahi gaineratu du, "behetik igotzen hastea gogorra eta geldoa" delako.
Radio Euskadiko Boulevard saioari eskainitako elkarrizketan esan duenez, azken hiru hiruhilekoetan iharduera igoera izan da EAEn, baina "behe-behetik".
"Egia da ,azken hilabeteetan nazioarteko hainbat herriek lortu duten susperraldian sartzea lortu dugu zenbait arlotan", azaldu du.
Bere hitzetan, "ihardueraren birjaiotzari" esker, Enplegu Espedienteetan zeuden "ia langile guztiak berreskuratu ditugu", eta "enplegua sortzen hasi gara". "Hala ere, oraindik ez da enplegu nahikoa sortzen".
Hala ere, "baikor" agertu da, "krisitik aterako garelako". "Igotzen hasi gara, gutxinaka-gutxinaka, baina gure erritmoak ondo doaz; gailurra, hori bai, urrun daukagu oraindik".
Greba orokorra
Irailaren 29an Estatuan deitu duten greba orokorrari buruz, "jarraipen mugatua" izango duela esan du Zubiak.
Euskadi eta Estatua "greba egiteko moduan" ez daudela azpimarratu du, baina hori "greba deitu dutenen "ardura" dela.
Lan Erreforma
Lan erreformari dagokionez, Zubiak esan du "aukera galdua" izan dela, "beste erreforma mota bat" ezartzea beharrezkoa izango baita. "Uste dut herrialde honek gutxi ulertzen duela arazo ekonomikoa", gaineratu du.
ETAren iragarpena
Bestalde, ETAk euskal enpresaburuei igorritako estortsio gutunen inguruan, Euskadiko patronalaren buruak adierazi du azken hilabeteetan "ohiko jarioa" jazo dela, "tantaka" heldu direla. "Aste honetan ezin dizut esan", ziurtatu du.
Zubiak ez du iritzirik eman nahi izan bizkartzain zerbitzuan ustez egingo dituzten aldaketei buruz, eta hori "agintariei" dagokiela nabarmendu du.
ETAren iragarpenaren ostean, Zubia "beste edozein herritar bat" bezala bizi da, baina "itxaropena" izan baduela aitortu du, "batik bat albisteak lasaitasuna ekartzen badu".