Ekonomia -
Industriaren susperraldia
Airelineek 6.801 milioi euroko irabaziak aurreikusi dituzte 2010erako
Hala eta guztiz ere, aerolinea industriaren patroiak ez du gehiegi ospatu izan nahi, eta aurreko hamarkadan izandako ia 50.000 milioiko galerak suspertu behar dituztela gogorarazi du.
Erredakzioa
Airelineek 8.900 milioi dolar (6.801 milioi euro) irabaziko dituzte aurten, Giovanni Bisignani Aireko Garraioaren Nazioarteko Elkarteko (IATA) zuzendari nagusi eta kontseilari delegatuaren arabera.
Kopuru horrek gora egin du nabarmen azken aurreikuspenetik, ekainetik. Aurten 2.500 milioi dolarreko (1.910 milioi euro) irabaziak izango zituztela aurreratu zuten orduan.
Singapurretik egin duen telekonferentzian, Bisignani "oso harrituta" agertu da lortutako emaitzengatik, eta "industriaren susperraldia inork aurreikusi baino indartsuagoa eta azkarragoa" izan dela adierazi du.
Hala eta guztiz ere, airelinea industriaren patroiak ez du gehiegi ospatu nahi izan, eta irabazi horiek aurreko hamarkadan izandako ia 50.000 milioiko galerak gainditzen lagunduko dutela esan du.
Halaber, kontseilari delegatuak azpimarratu duenez, mozkin-marjina % 1,6tik oso gertu geratuko dela; beraz, "jaietarako ere ez gaude", gaineratu du.
Aurtengo emaitza onak azaltzeko, konpainiek "bidaiak hobeto kudeatu dituzte" eta eskaerak ere nabarmen handitu dira, esan du Bisignanik.
2011ko irabazien lehen kalkulua eginda, IATAk diru-sarrerak 5.300 milioi dolar (4.050 milioi euro) gutxiago izango dituztela uste du; % 0,9ko marjina, beraz.
"2010ean goia joko dugula uste dugu eta 2011ko lehen seihilekoan susperraldia geldoagoa izango dela aurreikusi dugu", azaldu du Bisignanik. Hurrengo urtean "Gobernuen pizgarri multzoa amaituko da", gaineratu du.
Aurtengo diru-sarrera orokorrei dagokienez, IATAk 2010ean 560.000 milioi dolarrera (428.362 milioi euro) iristea espero du, iragarritakoa baino 15.000 milioi dolar (11.472 milioi euro) gehiago.
Erregaiari dagokionez (kosteen % 25 horrek eragiten du), upelak 79 dolarretan (60,4 euro) jarraituko duela aurreikusi du IATAk.
Asia-Pazifikoan 5.200 milioi dolarreko (3.979 milioi euro) irabaziak espero dituzte; Ipar Amerikan, 3.500 milioi dolarrekoak (2.678 milioi euro); Latinoamerikan, 1.000 milioi dolarrekoak (765 milioi euro); eta Ekialde Hurbilean, 400 milioi dolarrekoak (306 milioi euro). Europan, berriz, 1.300 milioi dolarreko (994 milioi euro) galerak izango dituzte, aurreikuspenak betez gero.