Ekonomia -
Krisialdia
Aurrezki-kutxen ustez, herritarrek 'poltsikoa prest' izan behar dute
Fiskalitatea finkatzeko errenta guztiak "ukitu" beharko dituztela uste du Funscaseko zuzendari Victorio Vallek.
Erredakzioa
Victorio Valle Funcaseko zuzendari orokorraren ustez, zergak igo beharko ditu Gobernuak, "fiskalitatea finkatzeko" helburuak betetzeko. Horretarako, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga eta BEZ "ukitu" beharko dituztela esan du aurrezki kutxen ordezkariak.
Horren hitzetan, errenta altuenentzat egingo dituzten "ukitu fiskalek" ez dute diru-kopuru handirik bilduko. PFEZren alorrean beste maila bat sortuko badute ere (% 45), 185.000 milioi besterik ez da lortuko (BPGren % 0,017).
Fiskalitatearen eta zerga bilketaren inguruko hitzaldi batean Vallek adierazi duenez, gastua murriztuta ez da lortuko Estatuko defizita murriztea. FUNCAS elkarteko zuzendariaren arabera, BPGren defizita % 9,7an kokatuko da aurten, eta % 3an 2013. urtean.
"Albiste txarrena da errenta guztiak ukitu beharko dituztela", azaldu du Vallek. Zergen igoerak defizita hiru puntu murriztuko duela aurreikusi du. Gainera, maila guztietan PFEZ puntu bat igotzeak 2.192 milioi euro (BPGren % 0,2) biltzea ekarriko duela jakinarazi du. Sozietateen gaineko Zerga, berriz, "berehala" erreformatu behar dela gaineratu du.
Espainiako presio fiskala beste herrialdeetakoa baino baxuagoa dela nabarmendu du Vallek. Zergen igoera hori aldi baterako izan daitekeela aurreratu du, baina sozietateen gaineko zerga erreformatzea "oso garrantzitsua" dela adierazi du, eta banketxeentzako tasa bat sortzeari "ergelkeria" iritzi dio.
"Patrika prestatzen joan behar dugu", Valleren ustez. Lehenago edo geroago, igo egin beharko dituzte zergak, eta gastu publikoa "nabarmen" ez murrizteko balioko du; izan ere, krisi egoeratan Espainian hori da egin ohi dutena.
Era berean, gastu hazkundea murriztea beharrezkoa dela azpimarratu du Vallek, Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteari bururatutako "astakeriak" direla-eta gastuak gora egin baitu. Hala ere, baztertu egin du gastua murrizteko funtzionarioei soldata jaistea.
Lanpostu publiko gehiegi daudenez, funtzionarioen zati bat kaleratzea proposatu du Vallek, edo datozen urteetan lanpostu horietarako sarbidea mugatzea. Soldatak jaitsi baino lehen hori egitea proposatu du. Neurri hori "ez dut ulertzen eta sekula ez dut bultzatu", erantsi du.
Valleren arabera, Espainia geldialdian dago, baina hobetzeko joera erakusten ari da, kontsumoak eta esportazioek hazten jarraitu baitu. Halere, 2013ra arte egoera orokorrak ez duela aldaketarik izango gaineratu du.