Ekonomia -

Akordioa

Enplegu Politika Aktiboen transferentzia adostu dute PSOEk eta EAJk

Aurrekontuen Lege Proiektua onartzeko orduan jeltzaleen babesa bermatuko du akordioak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enplegu Politika Aktiboen eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko akordioa lotu dute EAJk eta Espainiako Gobernuak. Josu Erkoreka EAJren Kongresuko bozeramaileak Jose Antonio Alonso PSOEren bozeramaileari eman zion atzo azken proposamena. Akordioaren arabera, Lanbidek kudeatuko ditu Enplegu Politika Aktiboak 2011ko urtarriletik aurrera.

Gizarte Segurantzari enpresek ordaindutako kuoten hobariak ere eskumenaren baitan egongo dira, jeltzaleek adierazi dutenez.

Gauzak horrela, Estatuko Aurrekontuen negoziazio prozesuari ekingo diote orain EAJk eta PSOEk. Izan ere, Enplegu Politika Aktiboak transferitzeko modua erabakitzea izan da bi alderdiek gainditu duten traba nagusia.

Urkulluk Kongresuko atean egindako adierazpenen arabera, Enplegu Politika Aktiboak jeltzaleek "historikoki" aldarrikatu egin duten eskumena izan da. "1988tik hona planteatu egin duguna, eta planteatu egin bezala lortu dugu", gaineratu du EAJko buruak.

472 milioi eurotan baloratu du EAJk gaur sinatu duten akordioa.

Diru-kopuru hori 2011ko urtarrilean EAEko kupotik kenduko dute. Eskumen honi esker, lan ikuskaritza, langileen formakuntza, lanerako prestakuntza eta Itsasoko Gizarte Institutua EAEra transferituko dituzte datorren urteko urtarrilean.

2011ko Aurrekontuen negoziazioari begira, EAJk 15 proposamen jarriko ditu mahai gainean, tartean Euskadira transferitu gabe dauden zenbait eskumen.

Espainiako Gobernuak 176 diputatuen babesa beharko du Estatuko Aurrekontuak aurrera ateratzeko. PSOEren 169 ordezkariek eta EAJren seiak 175 batzen dituzte. Horregatik, sozialistak Coalicion Canariasekin eta UPNrekin akordioa sinatzen saiatuko dira.

"Funtsezko" akordio bat dela uste du PSOEk

Jose Antonio Alonso PSOEko bozeramailearen ahotan, 2011ko Aurrekontu Orokorren bozketan EAJren babesa izateko "funtsezko" akordioa da gaurkoa.

Akordioa "ona da bi aldeentzat" eta, gainera, Konstituzioa eta legeak "errespetatzen" ditu, Alonsoren hitzetan.

Aurrekontuetan jeltzaleen babesa lortzeko akordio oso garrantzitsua dela esan du Alonsok. Hala ere, Parlamentuan aurrekontuen tramitazioak bi edo hiru hilabeteko iraupena izan ohi duela gogorarazi du.

"Orain bide hori egitea geratzen zaigu, ongi bideratuta dugu, baina ez dugu bukatutzat ematen; lanean jarraitu behar da", azaldu du PSOEko bozeramaileak.

Lopezek bere "oniritzia" eman dio

Zapatero presidenteak Patxi Lopez lehendakariari hots egin dio, sinatutako dokumentuaren nondik norakoak azaltzeko. Lopezek "bere oniritzia" eman dio akordioari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea