Ekonomia -

Tarifa elektrikoa

Argindarra % 4,8 garestituko da urrian

Igoerarekin batez beste etxebizitza bakoitzean 1,7 euro egingo du gora faktura elektrikoak. Sektorearen aurrikuspenak gainditu ditu igoerak, izan ere, % 2koa izatea espero zuten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tarifa elektrikoak (TUR) % 4,8 egingo du gora urriaren 1ean, Industria Ministerioak gaur komunikatu baten bidez jakitera eman duenez. Gobernuak ezartzen duen tarifa bakarrak 20 milioi etxebizitzari eta enpresa txiki eta ertainei eragiten die.

Igoerarekin batez beste etxebizitza bakoitzean 1,7 euro egingo du gora faktura elektrikoak. Horrela, gaueko tarifak % 3 egingo du gora, eta orduko bereizketarik ez duen TURak % 5.

Energiaren kostua ezartzen duen enkantea atzo egin zuten azken hiruhileko tarifa zehazteko. Sarbideen salneurria mantentzea proposatu zuen Gobernuak.

Sarbide tarifek sistema elektrikoaren kostu arautuak ordaintzen dituzte, berriztagarriei emandako pizgarriak, garraioa edo banaketa esaterako. Sarbide tarifak argindar kontsumitzaile guztiek ordaintzen dituzte.

Bonu sozialak

Industria Ministerioko datuen arabera, 27 milioi etxebizitzek eta enpresa txiki eta ertainek TURean sartzeko eskubidea dute gaur egun, eta horietatik 5 milioik bonu soziala eskura dezakete. Bonu sozialak ez du igoerarik izango urrian, diru-laguntza duen tarifa berezia delako.

3 kW baino gutxiago kontratatu dituzten kontsumitzaileek, soldata txikiak dituzten pentsiodunek, familia ugariek eta kide guztiak langabezian dituzten etxebizitzek bonu soziala izateko eskubidea dute.

Sektorearen aurrikuspenak gainditu ditu gaur Industria Ministerioak iragarritako igoerak, izan ere, % 2koa izatea espero zuten.

Industria Ministerioaren esanetan, energiaren kostuaren igoera erregaien prezioen igoerak eta neguak eragin dute, urtaro horretan argindarraren kontsumoak nabarmen gora egin ohi duelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea