Ekonomia -

Irailaren 29ko greba orokorra

Gobernuak eta sindikatuek garraioaren zerbitzu minimoak adostu dituzte

Ibilbide laburreko trenen % 25 bermatuko dituzte, baina zerbitzua % 30ekoa izango da 06:00etatik 09:00etara.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak eta CCOO eta UGT sindikatuek adostu egin dituzte gaur irailaren 29ko greba orokorraren gutxieneko zerbitzuak garraioaren sektorean.

Alde guztietako ordezkariek goizaldeko bostetan eman dute akordioaren berri, prentsaurrekoan.

Akordio horren arabera, aldiriko trenetan % 25eko zerbitzu minimoak ezarri dituzte, baina kopuru hori % 30era igoko da bidaiari gehien ibiltzen diren orduetan (06:00etatik 09:00etara).

Abiadura handiko trenetan (AVE) % 20ko zerbitzuak eskainiko dituzte, baina ibilbide ertaineko eta luzeko trenetan ez dute minimorik jarri.

FEVEn, bi tren (zerbitzuaren % 40) ibiliko dira bidaiari gehieneko orduetan, eta ondoren tren bat orduko (% 25).

Bestalde, hegaldiei dagokienez, % 10eko zerbitzuak egongo dira bederatzi hiribururen artean (Madril, Bartzelona, Santiago, Oviedo, Bilbo, Alacant, Valentzia, Malaga eta Sevilla), eta % 50ekoak penintsularen eta Balear eta Kanariar uharteen eta artxipelago horien artean.

Orokorrean, nazioarteko hegaldien % 40 bermatuko dituzte, baina % 20 baino ez aipatu bederatzi hirien eta Europako Esparru Ekonomikoaren gainerako hirien artean.

Errepide bidezko garraioaren kasuan, 2002ko greba orokorraren zerbitzu berdinak adostu dituzte, hots, bat eta hiru zerbitzu artean linea bakoitzeko.

Lurreko zerbitzuetan (''handling'' izenekoak), muga % 50ekoa izango da Ceutan, Melillan eta uharteetako aireportuetan; % 25ekoa aipatu bederatzi hiriburuetan eta % 10ekoa gainerako hirietan.

Itsas garraioan, penintsularen eta uharteen, Ceutaren eta Melillaren arteko gutxieneko zerbitzuak hitzartu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea