Ekonomia -
Finantza-operazioa
CajaSurren integrazioa babestu du BBKko Batzar Nagusiak
"Beharrezko aldaketek ahalik eta gutxien eragitea" espero du Bizkaiko entitateak, eta langileen ordezkariekin negoziatzen hasiko dela aurreratu du.
Erredakzioa
CajaSurren integrazioa babestu du gaur BBKko Batzar Nagusiak. Horrela, 2011ko urtarrilaren 1ean finantza-operazioa betetzea posible izango litzateke. Integrazioarekin Bizkaiko aurrezki-kutxak "bigarren merkatu lokal" bat izango du.
CajaSur emaitza positiboen bidean jartzea espero du Bizkaiko entitateak. Hala ere, "beharrezko aldaketek ahalik eta gutxien eragitea" espero du BBKk, eta langileen ordezkariekin negoziatzen hasiko dela aurreratu du.
BBKren lehen seihilekoko balantzea egin du Ohiko Batzar Nagsuian. Era berean, CajaSurren integrazioa ontzat jo du batzarrak, nahiz eta legearen arabera beharrezkoa ez izan. Administrazio-kontseiluak batzarraren iritzia ezagutu nahi zuen gai "garrantzitsu" horri buruz.
"Frankizia ona"
CajaSurren integrazioa aurrera eramateko arrazoiak azaldu ditu Mario Fernandez BBKko presidenteak batzar nagusiaren aurrean. CajaSur "frankizia ona" da eta BBKk bigarren "merkatu lokal" bat izatearen abantailak eskuratuko ditu, negozioaren ezaugarririk aldatu gabe aurrezki-kutxaren presentzia indartuko du Andaluzian, Fernandezen hitzetan.
Erosketa egiteko "soberakinaren zati" (2.700 milioi euro) bat erabili du aurrezki-kutxak. Operazio horrekin BBK "handiagoa" izango da eta aktiboen bolumenean zazpigarren tokian kokatuko da.
Operazioa aurrera eramateko izapide administratiboak martxan dira eta BBKko Integrazio Batzorde bat lehentasunak ezartzen hasi zen uztailean.