Ekonomia -

Bizkaia

Rementeria, sozietate-zerga jaistearen alde

Jaurlaritzan bazkide duen PSE-EEk eta EH Bilduk eta Podemosek baztertu egin dute neurria.

Rementeria, Politika Orokorreko Eztabaidaren hitzaldiaren une batean. Argazkia: BFA
Unai Rementeria. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Sozietate Zerga jaistearen alde agertu da Unai Rementeria

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskalitatea eztabaidagai nagusietako bat izan zen atzo Bizkaiko Politika Orokorreko Eztabaidan, Batzar Nagusietan. Unai Rementeria ahaldun nagusiak sozietate-zerga jaistea proposatu zuen. Kontra azaldu zen Jaurlaritzan bazkide duen PSE-EE, eta baita EH Bildu eta Podemos ere.

Ekonomiaren egoeraz eta Bizkaiak izan beharko lukeen zerga ereduaz luze mintzatu zen Rementeria bere hitzaldian. EAJ eta PSE-EE euskal arau fiskalak negoziatzen ari diren honetan, enpresen gaineko presioa arintzea proposatu zuen ahaldun nagusiak.

Rementeriak gogorarazi zuenez, sozietate-zerga % 28koa da EAEn, Finlandian edo Alemanian dutena baino dezente handiagoa (% 20koa da Finlandian, eta % 15ekoa, Alemanian).

Ahaldun nagusiaren ustez, tasa altu hori dela eta, kanpoko enpresek "gure mapa zirriborratzen dute eta ahaztu egiten gaituzte".

Horren aurrean, sozietate-zerga jaistea proposatu zuen, Bizkaia "erakargarriago eta lehiakorrago" egiteko. "Horrek enpresak animatuko ditu Bizkaia aukera modura ikusten, gaur egun gertatzen ez den bezala", azaldu zuen.

Rementeriak azpimarratu zuen proposatutakoa bere "ikuspegia" zela, eta ikuspegi horretan ñabardura bat egin zuen: "Herritarrei ez dizkiegu zergak ukituko, ez".

PSE-EEren eta oposizioaren erantzuna

Bizkaiko ahaldun nagusiaren proposamenak PSE-EEren, EH Bilduren eta Podemosen ezezko biribila jaso zuen; ez, ordea, Alderdi Popularrarena, Rementeria euren jarrerara hurbiltzeagatik goraipatu baitzuten.

Carlos Totorika PSE-EEk Bizkaiko Batzar Nagusietan duen bozeramaileak ohartarazi zuenez, sozietate-zerga jaistea "akats hutsa" litzateke, eta sozialistak "fiskalitate progresibo bat" bultzatzearen alde daudela azpimarratu zuen.

Josu Unanuek (EH Bildu) sozietate-zerga erreformatzeko beharra aipatu zuen, baina Rementeriak proposatu zuenaren kontrara. Unanueren berbetan, "teorian, enpresek euren irabazien % 28 ordaindu behar dute, baina egiaz, askoz gutxiago ordaintzen dute, salbuespenei esker".

Neskutz Rodriguez Podemosen eledunak ere, gaitzetsi zuen Rementeriaren asmoa. "Espero dugu Bizkaia paradisu fiskal ez bihurtzea", ohartarazi zuen.

Azkenik, Javier Ruiz Alderdi Popularreko bozeramaileak nabarmendu zuenez, ahaldun nagusia "norabide onean" doa proposatutakoarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alderdi Popularra Azken ordukoa Bizkaia Ekonomia berriak EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE albisteak Unai Rementeria Gaurko azken orduko albistea Podemos Ahal Dugu Euskadi Zergak gaur Bizkaiko Foru Aldundia azken orduko albisteak