Ekonomia -
Zapateroren aurrean
Greba orokorrak UGT eta CCOO sindikatuen indarra neurtuko du
Sindikatuen zatiketa protagonista izango da EAEn eta Nafarroan, izan ere, ELAk eta LABek ez dute CCOOren eta UGTren deialdia babestuko. Gobernuaren murrizketak salatu nahi dituzte sindikatuek.
Erredakzioa
Gutxieneko zerbitzu "neurrigabeak inposatu" dituzten erkidegoetan liskarrak baldin badira Administrazioaren erantzukizuna izango direla ohartarazi dute Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari nagusiek, eta auzitegietan errekurrituko dituztela errepikatu dute.
Bestalde, greban lasaitasuna izatea Rubalcabaren "eskuetan" zegoela esan zuen iragan astelehenean Francisco Granados Madrilgo erkidegoko Justizia kontseilariak. Alfredo Perez Rubalcaba barne ministroak erantzun egin dio gaur. Barne Ministerioak grebarako zein lanerako eskubideak bermatu behar dituela adierazi du Rubalcabak, eta zentzu horretan, Guardia Zibilak eta Poliziak "euren lana egingo dute".
UGTko buruzagiaren esanetan, "inposatzen diren gutxieneko zerbitzuak bermatzeko erantzukizuna administrazioek dute, izan ere, erkidego batzuetan inposatutako gutxieneko zerbitzuak neurrigabeak dira eta greba eskubidearen kontra daude".
"Sindikatuek legea beteko dugu, baina gerta daitekeenaren erantzukizuna ez da sindikatuena izango, errespetuz jokatuko baitugu, orekarik gabeko gutxieneko zerbitzu neurrigabeak inposatzen dituztenek erantzukizuna izango dute greba eskubidea zapaldu nahi dutelako", erantsi du Mendezek.
Zentzu horretan, gutxieneko zerbitzuak inposatu dituzten erkidegoetan "errekurrituko" dituztela esan du Toxok. "Gatazka eragin dezaketenek beraiek (erkidegoetako gobernuek) dira", ohartarazi du.
Gobernua
Asteazken honetan, greba orokorrean, adostutako gutxieneko zerbitzuak beteko direla uste du Jose Blanco Sustapen ministroak, "greba egiteko eta lanera joateko eskubideak bilduz".
Bestalde, Gobernuak azken hilabeteetan martxan jarritako neurriak defendatu ditu Celestino Corbacho Lan ministroak grebaren bezperan, krisitik ateratzeko "ezinbestekoak" direlako. Neurriak egoera ekonomikoari aurre egiteko diseinatu zirela gaineratu du Corbachok.
Zatiketa Euskadin eta Nafarroan
Sindikatuen zatiketa izango da protagonista Euskadin eta Nafarroan, asteazken honetako greba orokorrean. Lan-erreformaren kontrako lanuztea CCOO, UGT, CGT, ESK eta Sindikatuen arteko Konfederakundeak deitu dute. ELAk eta LABek, ostera, ez dute greba babestu.
Asteazken honetako greba orokorra azken hilabeteetan Euskadin eta Nafarroan deitutako bigarrena da, izan ere, ekainaren 29an lanuztea izan zen, ELA, LAB, ESK, Ehne eta Hiru sindikatuek deituta. Era berean, CCOO sindikatuak azkenean deialdi hori babestu zuen.
Oraingoan, ESK kenduta, gainerako sindikatu abertzaleek greba orokorra ez deitzea erabaki dute, CCOO eta UGT sindikatuak elkarrizketa sozialeko mahaian izateak ekintza bateraturik egitea ekiditen duelako.
CCOO eta UGT sindikatuek ELA eta LABen jarrera deitoratu dute, lan-erreformari erantzun "bateratua" emateko aukera galdu dela uste dutelako. Gobernuak bultzatutako lan-erreforma irailaren 9an onartu zuten.