Ekonomia -
Iraileko datuak
Lau milioi pertsona baino gehiago langabezian berriz
Irailean 48.102 pertsona geratu dira lan barik, eta ondorioz, langabeen kopuruak lau milioiko muga gainditu du berriro. Euskadin, langabezia % 0,97 hazi da.
Erredakzioa
Enplegu Zerbitzu Publikoetan izena eman duten langabeen kopurua % 1,2 hazi da irailean Espainian, hau da, 48.102 pertsonak galdu dute lanpostua, Barne Ministerioak jakinarazi duenez.
Horrenbestez, guztira 4.017.763 langabe daude dagoeneko. Urtebetean, tasa % 8,3 igo da.
Langabezia batik bat zerbitzuetan hazi da, 53.585 pertsona geratu baitira lan barik (+ % 2,3). Ondoren, aldez aurretik lana ez zutenen sektorea dago (12.106 pertsona gehiago, % 3,5).
Aitzitik, langabezia honako sektoreetan jaitsi da: Eraikuntzan (- %1,3), industrian (- % 0,9) eta nekazaritzan (- % 2,9).
Maravillas Rojo Enplegu idazkari nagusiak aitortu du datua ez dela "ona" , baina Espainiako ekonomia hobekuntza zantzuak erakusten ari dela ziurtatu du. Dena dela, oraingoz ez da enplegua sortu, "hazkunde epe jarraitua" behar dela zehaztu du.
Euskadiko datuak
Euskadin, langabezia % 0,97 igo da, 1.256 pertsona gehiago. Orotara 130.549 pertsona daude lan gabe.
Azken 12 hilabeteetako datuak kontuan hartuta, tasa % 5,80 hazi da, urtebetean 7.155 pertsonak galdu baitute lana.
Lurraldeka, Araban hazi da gehien langabezia (% 2,20). Ondoren Bizkaia dago (% 9,91), eta azkenik Gipuzkoa (% 0,45).