Ekonomia -
CCOOren arabera
Bere 47 langileetatik 45 kaleratu ditu Thaiser Arabako enpresak
Sindikatuaren esanetan, "Euskadiko lehen kaleratze kolektiboa da lan-erreformaren ostean". Abuztuan sinatutako lana erregulatzeko txosten bat dela defendatu du enpresako zuzendaritzak.
Erredakzioa
Bere 47 langileetatik 45 kaleratuko dituela iragarri du Thaiser Arabako enpresak. Langileei soldata maiatzetik ordaindu gabe zegoen konpainia, CCOO sindikatuak komunikatu baten bidez jakitera eman duenez. Sindikatuaren hitzetan, "Euskadiko lehen kaleratze kolektiboa da lan-erreformaren ostean".
Bestalde, araudi berriaren babesean egindako kaleratze kolektibo bat denik ukatu du Thaiserreko zuzendaritzak. Abuztuan sinatutako lana erregulatzeko txosten bat dela defendatu du zuzendaritzak, Radio Euskadik jakitera eman duenez.
Kaleratzeek langile mugagabeei eragingo diete eta araudi berriaren arabera, lan egindako urte bakoitzeko 12 egun baino ez dizkio ordainduko konpainiak langile bakoitzari. Gainerako zortzi egunak Soldatak Bermatzeko Fondoak (Fogasa) ordainduko ditu, CCOOk azaldu duenez.
Maiatzetik ordaindu gabe
Aguraingo Thaiserrek soldatak maiatzetik ordaindu gabe daramatzala salatu du sindikatuak. "Orduz geroztik lan-erreforma indarrean sartzeko itxaroten egon da, langileak kosturik txikienarekin kaleratzeko", erantsi du CCOOk.
Lan-erreformak kaleratzeko arrazoiak hedatu dituela gogorarazi du sindikatuak, eta lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte-ordaina ezartzen du, horietatik 12 soilik enpresak ordaintzen dituelarik.
"Soldatak ordaindu gabe hilabeteetan zehar denbora galdu eta gero, 45 kaleratzeak justifikatzeko likidezia falta argudiatu du zuzendaritzak", kritikatu du sindikatuak.
Lanean jarraituko duten bi lagunek "enpresa likidatu eta itxi egingo" dutela uste du CCOOk.