Ekonomia -
Lan gatazka
Vicrila lantegia likidazio fasean sartuko da aste honetan
Beira ekoizten duen Bizkaiko enpresako inbertitzaileak ez ditu adostutako 8 milioi euroak jarri.
EiTB.EUS
Vicrila beira ekoizten duen enpresa bizkaitarra likidazio fasean sartuko da aste honetan, hartzekodunen konkurtsoan zegoen enpresa erosi zuen inbertitzaileak konpromisoa bete ez duelako. Enpresak 290 langile ditu.
Gestiber inbertsio funtsak erosi zuen Vicrila, hartzekodunen konkurtsoan zegoela, baina ez ditu jarri adostutako 8 milioiak.
Ondorioz, administraileak likidazio fasea aktibatzeko plana aurkeztuko dio aste honetan epaileari. Enpresa zatika saltzea, ixtea edo inbertitzaile fidagarri bat agertzea izan daiteke prozesu honen amaiera. Sindikatuak azken aukera horren aldekoak dira, jakina, baina etorkizuna argitzeko zain egon beharko dute oraindik.
Cambium-Glasifikai inbertitzailea izateko konkurtsoan izan zen, baina galdu egin zuen, eta baliteke oraindik horretan interesa izatea. Administratzaileak datozen asteetan erabaki beharko du langile kopurua murriztu ala ez; langileek soldata jaistea eta ordu gehiago lan egitea onartu zuten, enpresa salbatzen laguntzeko. Eusko Jaurlaritzak, berriz, beharrezkoa izanez gero, inbertitzaileak bilatzen lagunduko duela jakinarazi zuen enpresaren egoeraren berri izan ondoren.