Ekonomia -

Eusko Jaurlaritza

Nazioartekotzeko Euskal Agentzia izena izango du SPRIk atzerrian

Quebecen egin du iragarpena Arantxa Tapia sailburuak, lehendakariarekin eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza batekin bidaia ofizialean bertan dela.

Quebeceko lehen ministroarekin bilduko da gaur Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EFE.
Quebeceko lehen ministroarekin bilduko da gaur Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EFE.
Iñigo Urkullu Quebeceko lehen ministroarekin batzartuko da

0:43

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

SPRI Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuaren atzerriko bulegoek "Nazioartekotzeko Euskal Agentzia" (Basque Trade and Invest) izena izango dute hemendik aurrera, Eusko Jaurlaritzak kanpoan dituen "gaitasunak eta aktiboak" sendotze aldera.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak egin du iragarpena Montrealen (Quebec, Kanada). Bertan, Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera, Orbinox gipuzkoar enpresa bisitatu du; gillotina-balbuletako lehen fabrikatzailea da Oribinox, Europa mailan.

Agentzia berri horren sorreraren gaineko dekretua (ez du SPRI desagertzea ekarriko) gaur onartuko du Gobernu Kontseiluak. Aste honetan, bideokonferentzia bidez egingo dute ohiko bilera hori, Urkullu eta Tapia, esan bezala, atzerrian baitaude.

Nazioartekotzea, gero eta garrantzitsuagoa

Sailburuak esan duenez, euskal enpresak gero eta garrantzi handiagoa ematen ari zaizkio nazioartekotzeari; hortaz, "bada garaia Euskadik, nazioarte mailako estrategiari dagokionez, aurrerapauso kualitatiboa eman dezan".

Helburu horren testuinguruan sortu dute Nazioartekotzeko Euskal Agentzia: "Enpresa babesteko kanpoan egindako politika publikoak sendotu eta berrantolatuko ditu".

Horren xedea izango da euskal ekonomiaren nazioartekotzea sustatzea, eta, halaber, enpresek kanpora begira duten proiekzioari laguntzea; Euskadira atzerriko inbertsioak ekartzea izango du helburu.

Agentziak "balio erantsiko zerbitzu-sorta berri bat" garatzea aurreikusi du, eta, horretarako, atzerrian bulego-sare bat izango du. Horrela, SPRIk atzerrian dituen hamalau bulegoak Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren kontrolpean izango dira.

"Adimen Lehiakorreko Unitatea" izango du agentziak; horrek merkatuen joerak eta aukera berriak aztertuko ditu, arlo horretako politikak gainbegiratu, eta "ezagutzaren aliantzak" bultzatu. "Ezagutza aurreratua" sortzen saiatuko da, bai eta euskal enpresentzako aukera berriak topatzen ere.

Euskadik eta euskal enpresek munduan duten onarpena areagotzeko ere egingo du lan agentziak; urtarrilean hasiko da lanean, eta Eusko Jaurlaritzaren eta SPRIren giza baliabideak, baita teknikoak eta ekonomikoak ere, barneratuko ditu. Prozesua 2018ko martxoan burutuko dute, aurreikuspenen arabera.

Tapia sailburuak Orbinox enpresak Quebecen duen lantegian egin du iragarpena. Orbinox enpresak Tolosan du jatorria, baina egun Donostian du egoitza. 2000. urtean hasi zen nazioarte mailan hedatzen, eta gaur egun 11 herrialdetan dago; sare komertziala 70 herrialdetan du, 5 kontinenteetan.

Lehendakaria Quebeceko lehen ministroarekin izango da gaur

Iñigo Urkullu lehendakaria Quebecen egun hauetan egiten ari den bidaian, gaur Philipe Couillard Quebeceko lehen ministroarekin bilduko da, baita Quebeceko Asanblea Nazionaleko presidente Jacques Chagnonekin ere.

Bidaia ofizialaren lehen eguna amaitzeko, atzo, lehendakaria buru duen Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak topaketa izan zuen Quebeceko Euskal Etxeko kideekin. Lehendakariak Euskadiren eta Quebecen arteko harreman historiko eta politikoak azpimarratu zituen bertan; harreman horiek ekitaldian ere ikusi ahal izan ziren, Barrokensamble musika taldeak egindako emanaldian, euskal musika tradizionala eta Quebecekoa nahasi baitizuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Urkullu azken albisteak Eusko Jaurlaritza berriak Ekonomia 2024 Gaurko azken ordukoa