Ekonomia -

NAFARROA

Nafarroako 260 hautetsi baino gehiagok AHTaren kontrako manifestua sinatu dute

Tren 'jasangarri eta herrikoi' baten aldeko apustua nabarmendu ostean, 'Nafarroak behar duen tren eredua zehazteko' gizartean eztabaida bat zabaltzea eskatu dute.

'Iniciativa por el tren, AHT ez' ekimena aurkeztu dute gaur Iruñean. Argazkia: EFE
'Iniciativa por el tren, AHT ez' ekimena aurkeztu dute gaur Iruñean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako 260 hautetsi baino gehiagok manifestu bat sinatu dute, AHTaren kontra (Abiadura Handiko Trena) eta tren eredu "jasangarri eta herrikoi" baten alde. Halaber, gizartean eztabaida bat zabaltzea eskatu dute, "Nafarroak behar duen tren eredua zehazteko".

Gaur goizean aurkeztu dute manifestua Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioaren egoitzan. David Alvarez Castejongo alkateak eta Eneka Maiz Etxarri Aranatzeko alkateak irakurri dute manifestua, hurrenez hurren, gazteleraz eta euskaraz. Sinatzaileek AHTaren proiektua gelditzeko konpromisoa erakutsi dute.

Halaber, "Nafarroak behar duen trena zehazteko gizartean eztabaida" bat zabaltzea, eta herritarrei aukera ezberdinen artean eztabaidatzeko eta erabakitzeko aukera ematea eskatu dute. Aitzitik, Nafarroako Gobernua AHTaren proiektuan inplikatzea baztertu dute, "bai hasierako proiektuan eta baita proiektuaren kopia hobetuan ere", Prestazio Handiko Trenari erreferentzia eginez.

Manifestuaren sinatzaileen esanetan, AHTa "zentzurik ez duen eta beharrezkoa ez den makroazpiegitura bat da", gizarte errentagarritasunaren aldetik "onargarria ez dena, ekonomikoki xahuketa justifikaezina dena eta naturan eragin nabarmena duena. Gaineratu dutenez, tren eredu horrek ez die Nafarroaren interesei erantzuten eta "Tafalla eta Tutera kanpoan uzten ditu".

Azpiegitura horren aurrean, sinatzaileek "herrialdea bateratu eta nafarren zerbitzura" egongo den tren eredu bat proposatu dute. Azaldu dutenez, tren eredu berriak pertsonen eta merkantzien eguneroko trafikoari erantzuna eman behar dio, ahalik eta toki gehienetara eta pertsona gehienengana heldu behar du, arrazoizko prezioa izan behar du, eskualdeak eta lurraldeak batu behar ditu,  eta gaur egun badauden bide eta baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatu behar ditu.

Bestalde, AHTaren kontra datorren azaroaren 11n Iruñean deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Iruñeko Gaztelu plazatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Ekonomia berriak Albisteak Abiadura Handiko Trena