Ekonomia -

Gipuzkoako metal sektorean

Grebak 'jarraipen masiboa' izan duela adierazi dute ELAk eta LABek

ELA sindikatuaren hitzetan, "Gipuzkoako enpresarik garrantzitsuenak gelditu dira". Adegiren arabera, "langileen % 85ek ez dute grebarik egin", ondorioz, deialdia "porrota" izan da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA eta LAB sindikatuek Gipuzkoako metal sektorean antolatutako zazpi greba egunetako lehenak "jarraipen masiboa" izan duela azaldu dute bi sindikatuek. Adegik, ostera, deialdia "porrota" izan dela uste du, izan ere, "langileen % 85 baino gehiagok ez dute grebarik egin".

Adegik eta sindikatuek emandako datuek ez dute zerikusirik beste behin ere. ELA eta LAB sindikatuek bihar eta ostiralean greba egutegiarekin jarraituko dute, eta azaroaren 2an, 3an, 4an eta 5ean berriz ekingo diote lanuzteak egiteari.

"Deitzaileen nahia sektorea geldiaraztea baldin bazen, Gipuzkoako metal sektoreko enpresetan egindako azterketaren arabera, grebaren porrota agerian geratu da", adierazi du Adegik komunikatu batean.

ELA sindikatuaren ondorioak guztiz ezberdinak dira. Izan ere, azken asteetako asanbladek "jarraipen masibo" bat aurrikusten zuten eta "datuak manipulatzeko tarte gutxi utzi diote Adegiri".

Gipuzkoako 50 bat enpresa gaur "gelditu" direla azaldu du ELAk, besteak beste, CAF Beasain eta Irun, Lazpiur, Arcelor Mittal Bergara, CIE Legazpi, Grupo ELAY, Indar, TS Fundiciones, STO Olaberria, TESA Irun eta Eskoriatza, Korta, Alfa Deco eta Niessen. "Gipuzkoako enpresarik garrantzitsuenak gelditu dira", erantsi du sindikatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea