Ekonomia -
Dirubideen Euskal Kontseilua
Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek % 9 gehiago bilduko dute 2010an
Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak aurrekontuan jasotakoa baino 425 milioi euro gehiago izango ditu 2010 honetan, aurreikuspenen arabera. Bestalde, 2011n 12.500 milioi bilduko ditu, % 5,9 gehiago.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek 11.800 milioi euro bilduko dituzte aurten, 2009an baino % 9,3 gehiago. Bestalde, 2011n 12.500 milioi bilduko dituzte, % 5,9 gehiago.
Herri-Dirubideen Euskal Kontseilua, Eusko Jaurlaritzako eta foru aldundietako ordezkariak biltzen dituen erakundea, hiru orduz bildu da gaur 2010 eta 2011 urteetako diru-bilketaren aurreikuspena onartzeko.
Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak ez dio krisiari aurre egiteko neurri fiskalei buruzko eztabaidari heldu, baina Zerga-Kideketarako Sailean aztertuko dutela jakinarazi dute.
2010ko diru-bilketaren aurreikuspena iazkoa baino hobea izango da, besteak beste, ekonomiak hobera egin duelako, zerga-sisteman aldaketak izan direlako eta, "Rover" auziaren ordainketa hartuta, EAEk ohiz kanpoko dirua jasoko duelako, Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuaren arabera.
Aurtengo zifrei dagokienez, Aguirreren hitzetan, aurreikusitakoa baino 425 milioi gehiago izango dituzte.
Bestalde, foru aldundiek Eusko Jaurlaritzari eman beharreko kopurua finkatu dute: 8.200 milioi euro, iaz baino 448 milioi gehiago.
Era berean, 2011 urteko egokitzapenerako funts orokorra 115.294.689 milioi eurokoa izango da.
Kazetariek Eusko Jaurlaritzaren zorra dela eta egindako galderei erantzunez, urteko zorra urrian bertan kitatzea espero dutela eta "beste erkidego batzuek baino prezio hobean” egingo dutela esan du Aguirrek.
Foru aldundiek zorpetzeko duten ahalmenari dagokionez, Espainiako Gobernuarekin "akordioa lortzeko oinarriak" daudela esan du Aguirrek; horrela, defizita murrizteko Zapateroren planak ez du foru aldundien gain eraginik izango.
Jose Luis Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiak lortutako akordioaren garrantzia azpimarratu du; izan ere, baliteke 2011. urtea "gogorra" izatea.
Ekonomia sailburuak, ordea, garrantzia kendu dio lortutako akordioari eta ez zaiela asko kostatu esan du; izan ere, parte-hartzaileen jarrerak ez zeuden horren urrun.