Ekonomia -

Gabonetako kanpaina

250.000 bonu, denda txikietan erosketak bultzatzeko

Pertsona bakoitzak gehienez bi bonu eskuratu eta batera edo banan-banan gastatzeko aukera izango du urtarrilaren 5era arte.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Jaurlaritzak '10+ Bonua' abian jarri du denda txikiak sustatzeko

1:18

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 250.000 bonu merkaturatuko ditu, 20 euroko salneurrian, denda txikietan 30 euroko erosketa egin ahal izateko, Gabonetako kanpainan.

Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak Barakaldon (Bizkaia) aurkeztu du denda txikiei laguntzeko kanpaina. Era berean, Amaia del Campo Barakaldoko alkateak aurkezpenean parte hartu du.

Sailburuak azaldu duenez, ekimenarekin dendei lagundu nahi diete; izan ere, 250.000 bonuekin “denda txikien esku 2,5 milioi euro jarriko dituzte”, eta “gutxienez 7,5 milioi euro mugitzeko gaitasuna” izango dute.

Bonu bakoitzak 20 euroko kostua du eroslearentzat; Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 10 euroko ekarpena egingo du, eta kanpainarekin bat egiten duten dendetan 30 euro xahutzeko aukera emango die kontsumitzaileei.

Urtarrilaren 5era arte

Pertsona bakoitzak gehienez bi bonu eskuratu eta batera edo banan-banan gastatzeko aukera izango du urtarrilaren 5era arte. Sailburuaren hitzetan, kanpaina “barne kontsumorako pizgarri bat da”, baita urte bukaerari begira EAEko familia askorentzako “laguntza” bat ere.

Bonua ez da denda mota zehatz batean erabiltzeko; izan ere, edozein tokitan erosi ahal izango da, hala nola, arrandegi, harategi, zapata-denda, arropa-denda, liburu-denda eta lurrin-dendatan.

Dendek kanpainarekin bat egiteko, izena emateko, abenduaren 22ra arteko epea dute. Erakusleihoetan edo sarreretan kartel bat jarriko dute, kontsumitzaileei kanpainarekin bat egin dutenaren berri emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Gabonak albisteak Gizartea bideoak Ekonomia Albisteak Kontsumoari buruzko albisteak Merkataritza albisteak Dirulaguntzak Euskadin