Ekonomia -

Erabakia

Europako Justiziak Uber garraio enpresa bat dela ebatzi du

EBko Justizia Auzitegiaren arabera, tankera horretako konpainiei ezartzen zaizkien baldintza guztiak, lizentzia barne, bete behar ditu plataformak.

Taxi
Taxi
Europak dio Uber zerbitzuak lizentziak beharko dituela lan egiteko

1:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko (EB) Justizia Auzitegiak arrazoia eman die taxi gidariei, eta Uber garraio enpresa bat dela ebatzi du. Horrenbestez, tankera horretako konpainiei ezartzen zaizkien baldintza guztiak bete behar ditu, lizentzia edukitzea barne.

Maciej Szpunar EBko abokatuaren irizpidearekin bat egin du Auzitegiak. Abokatutzak maiatzean argudiatu zuenez, plataforma digitalak garraioaren alorrean eskaintzen du zerbitzua, eta hala, Europar Batasunean garraio enpresek dituzten baldintzak bete behar ditu. Abokatu nagusiaren iritzia ez da loteslea, baina Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiek gehienetan bat egiten duten.

"Justizia Auzitegiak uste du bitartekaritza zerbitzu hori garraio zerbitzu bat dela, eta ez 'informazio gizartearen zerbitzu' bat", adierazi du Auzitegiak ohar batean.

Ondorioz, "Estatu kideei dagokie zerbitzu horiek arautzea, betiere Europar Batasuneko Erabilera Itunak ezarritako arau orokorrak beteta", erantsi du.

 

 

Bartzelonako taxi gidarien salaketa

Bartzelonako Merkataritza-arloko 3. zenbakiko epaitegian Elite Taxi Barcelona taxi gidarien elkarteak Uberren kontra aurkeztutako salaketa bat du oinarri Europako Auzitegiak gaur eman duen epaiak. Elkarteak Uber plataforma digitalaren kontra egin zuen, lehia desleiala egiten ziolakoan.

Bartzelonako epaitegiak Bruselan galdetu zuen, EBren irizpideak zeintzuk diren jakiteko. Izan ere, konpainia motaren arabera araudia ezberdina da Europan. Araudia bat da garraio enpresa batez ari bagara, eta beste bat, berriz, "informazio gizartearen zerbitzuak" eskaintzen dituen batez ari bagara.

Europako Justizia Auzitegiak ebatzi duenez, Uberrek eskaintzen duen "bitartekaritza zerbitzua" garraio enpresa bati dagokiona da, eskaintzen duen zerbitzua bitartekari lana egiteaz harago baitoa.

Ebazpen horren kontra ezin daiteke helegiterik jarri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EB Europa bideoak Ekonomia 2024 Albisteak Garraio komuna gaur Taxiak VTC zerbitzua albisteak