Ekonomia -
Enplegu-politika aktiboak
Patxi Lopez:'Enplegu eskuduntzaren onuradunak herritarrak izango dira'
Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak itxi egin dute jada politika aktiboen transferentzia. Eskuduntzak 472 milioi euroko balioa du eta, ondorioz, 492 lanpostu ere transferituko dituzte.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak sinatu egin dute enplegu-politika aktiboen transferentzia. Akordioa irailaren 22an lortu zuten EAJk eta PSOEk, baina bi administrazioek gaur egin dute ofizial.
Eskuduntzak 472 milioi euroko balioa du eta, ondorioz, 492 lanpostu ere transferituko dituzte Euskadira.
Patxi Lopez lehendakariak goratu egin du transferentziaren garrantzia, eta herritarren onurarako izango dela gaineratu du.
Bere aldetik, Manuel Chaves Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Lurralde Politikako ministroak adierazi du transferentzia "bultzada bat" dela Gernikako Estatutuarentzat, eta "norabide horretan" jarraitu egingo dutela.
Horren ildotik, "hilaren 23an inguru" bilera egingo dutela aurreratu du, lan ikuskaritza eskuduntzaren transferentziaren izapideak hasteko.
Enplegu-politika aktiboen eskuduntzarekin batera, kontratu batzuk egitean enpresek jasotzen dituzten hobarien kudeaketa ere transferitu dute.
Orain arte, Euskadi politika aktiboak ez zituen erkidego bakarra zen. Hemendik aurrera, baina, EAE eta Kanariar Uharteak aipatu hobariak kudeatu ahal izango dituzten bakarrak dira.
Enplegu eskuduntzaren transferentzia gaur goizean gauzatu dute, Transferentzien Batzorde Mistoaren baitan, Gasteizen.
Erakunde horretan ez du parte hartzen lehendakariak, baina bai, ordea, Manuel Chavesek berak, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak, Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak, Gemma Zabaleta Enplegu sailburuak eta Pilar Unzalu Nekazaritza eta Arrantza sailburuak.
Ostegun honetako bilerarekin, ofizial egin dute joan den irailaren 22an EAJk eta Espainiako Gobernuak adostutako transferentzia. EAJk 2011ko Estatutuko Aurrekontuak babestu zituen Diputatuen Kongresuan eta, trukean, Zapateroren exekutiboak konpromisoa hartu zuen Gernikako Autonomia Estatutua erabat garatzeko.
Kupotik deskontatuta
Transferentzia burutzeko 472 milioi euro ordaindu dituzte eta kantitate hori Kupotik deskontatuko dute. Kupoaren bitartez, transferitu gabe dauden eskumenengatik Estatuak EAEri ematen dizkion zerbitzuak ordaintzen ditu Eusko Jaurlaritzak.
Transferentzia horri esker, Euskadik enplegu politika aktiboen funtzioak, onurak eta langileak izango ditu, baita enpresa-kuoten hobariak, lan-bitartekaritza (lehengo INEM), lanbide-heziketa, lan-ikuskaritza eta Bermeon dagoen eta Itsasoko Gizarte Institutuaren menpekoa den heziketa zentroa ere Jaurlaritzaren esku egongo dira.