Ekonomia -

Bost milioi kilo

Amaitu da 2010eko hegaluzearen kanpaina 'gorabeheratsua'

2009an baino milioi erdi hegaluze gehiago harrapatu dute, baina Bizkaiko Golkotik urrunago, Irlandatik gertu, joan behar izan dute arrantzara.

EITB | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eugenio Elduayen Gipuzkoako arrantzale-kofradietako presidentearen hitzetan, 2010eko hegaluzearen kanpaina "gorabeheratsua" izan da eta kopuruak "egonkor" mantendu dira. Uztaileko harrapaketak onak izan dira, baina abuztuan ez dute espero zituzten emaitzak lortu, hegaluzea ez delako aurreko hilabeteetan bezala Bizkaiko Golkoan sartu.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantzako Sailaren datuen arabera, orain arte 5 milioi hegaluze kilo harrapatu dituzte, 2009an baino kilo erdi gehiago, eta 3,5 kilotik gora Gipuzkoako portuetara heldu dira. 3,51 eurotan saldu da batez beste hegaluze kiloa lonjan, iaz baino apur bat merkeago.

2009an baino milioi erdi hegaluze gehiago harrapatu dute, baina Bizkaiko Golkotik urrunago, Irlandatik gertu, joan behar izan dute arrantzara. Egun bat edo bi eman dituzte arrantza lekuetara iristeko eta sasoi honetan etxetik 10 ordutara egon beharko lirateke, Elduyanek azaldu duenez.

Hegaluzea Kantaurialdeko uretan, Bizkaiko Golkoan ez sartzearen arrazoiak ikertzen ari da Azti-Tecnalia. Ikertzaileek hainbat hipotesi dituzte esku arte: urak ez dira aurreko urteetan bezainbeste epeldu; janarien banaketa, eta aldaketa-klimatikoaren eragina hegaluzearen migrazioan. Horren ondorioz, hegaluzea lehenago heltzen da arrantza-tokietara eta urtez urte, iparralderago daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea