Ekonomia -

Jaurlaritzaren helegitea

Langabeen 426 euroko diru-laguntza erkidegoen esku utzi du Auzitegi Konstituzionalak

Honenbestez, Eusko Jaurlaritzari arrazoia eman dio Auzitegiak, arauak erkidegoen eskumenak urratzen zituelako. EAEko Exekutiboak errege-dekretuaren aurkako helegitea aurkeztu zuen.

Lanbide. Artxiboko irudia: EiTB
Lanbide. Artxiboko irudia: EiTB
Lanbide. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luzaroko langabeentzako 426 euroko diru-laguntza arautzen zuen errege-dekretua baliogabe utzi du Auzitegi Konstituzionalak, erkidegoen eskumenak urratzen zituelako, baina horrek ez du ordainketa bertan behera utziko, diru-laguntzaren kudeaketa erkidegoetako gobernuen esku utzi baizik.

Auzitegiak Eusko Jaurlaritzari arrazoia eman dio; izan ere, babesik gabe geratu diren langabeei laguntzeko 426 euroko aparteko diru-laguntza arautzen zuen errege-dekretuaren kontra helegitea aurkeztu zuen EAEko Exekutiboak. Orain araua baliogabe utzi du Konstituzionalak, erkidegoen eskumenak urratzen zituelako.

Auzitegi Konstituzionaleko iturriek azaldu dutenez, Auzitegiak ordainketak babestu ditu, eta honenbestez, ez ditu bertan behera utziko. Horrela, diru-laguntzaren kudeaketa erkidegoen esku uztea ebatzi du.

Enplegu politika aktiboak

Erabakiak ez die ordainketei eragingo, eskumenei baizik. Horrela, onuradunek kobratzeko eskubidea mantenduko dute.

Errege-dekretua 2014ko abenduan onartu zuen Ministroen Kontseiluak, Estatuko enpresaburuekin eta sindikatuekin adostu ondoren. Diru-laguntzaren finantziazioa, kudeaketa eta ordainketa INEMen ardura zela ezartzen zuen arauak, baita onuradun posibleak onartu edo errefusatzeko gaitasuna ere.

Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkeztu zuen, erkidegoen eskumenak urratzen zituela iritzita. Diru-laguntzaren kudeaketa Lanbideren ardura izan behar zela uste zuen EAEko Exekutiboak, enplegu politika aktiboen eskuduntza 2010ean Euskadiren esku geratu zelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Espainian Eusko Jaurlaritza berriak Lana berriak Lanbide albisteak Ekonomia berriak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Auzitegi Konstituzionala Laguntza publikoak