Ekonomia -
Alokairua sustatzeko
Babes ofizialeko etxebizitzen prezioa % 12 garestituko da
Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak esan du eraikuntza eta merkatuko salneurrietara egokitzeko neurria dela. Tasatutako etxeen prezioa ez da aldatuko eta alokairua % 2 merkatuko dute.
Erredakzioa
Babes ofizialeko etxebizitzen prezioa kalkulatzeko araudi berria onartu du Eusko Jaurlaritzak. Horrela, salmentarako diren etxebizitzak, orohar, (jabetzan hartzekoak) % 12 garestituko ditu, merkatuko salneurrietara egokitzeko, Iñaki Arriola Garraio eta Etxebizitza sailburuak Gobernu Kontseiluaren ostean azaldu duenez.
Etxebizitza sozialen kasuan, 150 eta 420 euro artean ordaindu beharko da eta kalkulua familien irabazi eta etxeak dituen logela kopuruaren araberakoa izango da.
Babes ofizialeko etxebizitzen prezioak benetako kostuetara egokitu nahi omen ditu Jaurlaritzak. Horretarako, ezinbestekoa ikusi du salneurriak garestitzea eta % 12eko prezio igoera izango dute Jaurlaritzak bai herritarrei eta baita beste erakundeei alokairurako saltzen dien etxebizitzetan.
Hori horrela, Arriolak azaldu duenez, azalera eskubideko etxebizitzen kasuan 120.000 eurotik 123.000 eurora igoko da prezioa.
Jabetzan dauden babes ofizialeko etxebizitzak, lehen aurrekoen prezio berbera zutenak, % 12 garestituko dira, eta 120.000 euro balio zuenak orain 136.000 euro balioko du.
Alokairua
Tasatuta dauden etxebizitzen prezioa ez dute ukituko eta merkatzea alokairuen atalean izango da. Alokairua kalkulatzeko erabiltzen duten koefizientea txikitu egingo dute, % 2 batez beste. Etxeak dituen logela kopuruaren eta familiaren irabazien arabera kalkulatuko dute hileko kuota. Logela bateko etxeen alokairua 150 euro eta 350 euro artekoa izango da; bi logeletarako, 180 euro eta 420 euro artean; etxeak garajea badu, beste 60 euro ordaindu beharko dituzte.
Oraingo prezioekin alderatuz, agindu berriarekin, 100 bat euro gutxiago ordainduko dituzte alokairuzko babes ofizialeko etxea dutenek.
Gainera, bost urteko alokairu epea pasatuta, familiak baldintzak betetzen baditu, kontratua berritzeko aukera jarri dute abian.
Jaurlaritzak errenta berrikus dezake
Orain ez bezala, edozein unetan familiaren diru-sarrerak berrikus ditzake Jaurlaritzak eta errenta handitu dutela frogatzen bada, alokairua ere garestituko diete.