Ekonomia -
Lanbide arteko hitzarmena
ELAk eta LABek mobilizazioak areagotuko dituzte negoziazio kolektiboa desblokeatzeko
Duela urtebete sinatu zuten sindikatuek eta patronalak EAEko hitzarmenak babesteko ituna, baina hitzarmen gehienak blokeatuta daude oraindik. Ardura bata besteari leporatzen diote bi aldeek.
Agentziak | Erredakzioa
2017ko urtarrilaren 17an lan-harremanetan mugarri behar zuen ituna sinatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) sindikatu nagusiek eta patronalak. ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk eta Confebaskek lanbide arteko akordioa izenpetu zuten, lan-hitzarmenei lehentasuna emateko Estatu mailakoen aurrean.
Urtebete geroago, baina, hitzarmen gehienak berritu gabe eta blokeatuta daude. Gehiengoa duten ELA eta LAB sindikatuek Confebaski egotzi diote porrota, eta grebak eta mobilizazioak areagotuko dituztela iragarri dute. CCOO eta UGT, berriz, negoziatzearen aldekoak dira. Confebasken irakurketa bestelakoa da. Patronalaren iritzian, akordioa sinatu baino lehenagoko dinamikari eutsi zaio, eta horregatik egin du kale bi aldeek sinatutako akordioak.
Pello Igeregi ELA sindikatuko negoziazio arduradunak nabarmendu duenez, ituna sinatu eta urtebetera, negoziazio kolektiboaren egoera "ez da gehiegi aldatu". Izan ere, horren hitzetan, "Confebaskek lanbide arteko akordioa sinatu zuen, bai, baina ez zion uko egin nahi izan lan-erreformek langileen lan-baldintzak okertzeko emandako botereari; lehiakortasuna zein dirua irabazteko lan-baldintzen debaluazioak jarraitzen du bere apustu estrategikoa izaten. Gu horretarako ez gaituzte izango".
Sindikatuaren webgunean kaleratutako artikulu batean dioenez, sindikatuak ez du "inongo federik" patronalarengan, eta itxaropena "langileen antolakuntzan sindikatuok eman ditzakegun urratsetan" dutela azpimarratu du. Hori horrela, sindikatuok "prest egon" behar dute "langileak antolatu eta grebak martxan jartzeko", erantsi du.
LABen irudiko, lanbide arteko hitzarmena "baliozko tresna" zen, baina ez du negoziazio kolektiboa desblokeatzeko balio izan, ezta "Estatutik, patronalaren zein CCOO eta UGT sindikatuen eskutik, datozen erasoetatik babesteko" ere.
Horren aurrean, sindikatu abertzaleak uste du badela garaia patronalaren jarrera aldarazteko, eta "langileen borroka" da, horren ustez, hori lortzeko bide bakarra: "Gatazkak biderkatu eta langileak aktibatu, botere ekonomiko zein politikoek kondenatu nahi gaituzten prekarietate eta pobrezia gainditzeko".
Mari Cruz Vicente CCOO Euskadiko Ekintza sindikaleko idazkariaren iritzian ere, "urria" izan da lanbide arteko hitzarmenaren "eraginkortasuna", baina ELA eta LAB sindikatuei eta "patronalen bati" egotzi die porrota, ez dutelako egin "negoziazio kolektiboaren aldeko apustua". Hori gorabehera, itunaren "garrantzia" azpimarratu du, eta indarrean jarraitzen duela erantsi. Vicenteren esanetan, CCOOk "negoziazioaren bidea" babesten jarraitzen du.
Azkenik, Maribel Ballesteros UGT-Euskadiko Politika Sindikal eta Instituzionaleko idazkariak akordioak kale egin izana deitoratu du. Patronalak "nahi duena egiten du, baldintza okerragoak inposatuz. Sinatu diren eta sinatzeke dauden hitzarmenei erreparatzen bazaie, argazki argia aterako dugu, batzuen ardurak agerian geratuz", esan du ELA eta LAB sindikatuei erreferentzia eginez.
Confebask
Jon Bilbao Confebaskeko Lan arloko zuzendariaren ustez, ituna sinatzeak sortutako "itxaropenek huts egin dute" akordioa sinatu baino lehen zegoen dinamikari eutsi zaiolako. Hau da, 2017an ere, "UGT eta CCOO sindikatuak nagusi ziren enpresetan hitzarmenak izenpetu dira, salbuespenik gabe".
Ohartarazi duenez, hitzarmenak negoziatzeko orduan enpresen eta lanpostuen etorkizuna dago jokoan. "Gaur egungo egoerak eskatzen duen baldintzak eta bitartekoak negoziatzeko gai ez bagara, jai dugu. Lortzen dugunean, tresna bat dugu sinatutakoa babesteko: lanbide arteko hitzarmena", azaldu du.