Ekonomia -
Nazioartekotzea
Euskadi Basque Country 2018-2020 estrategiak 27 esparrutan lan egingo du
270 milioi euroko aurrekontua izango du eta nazioartekotzeko 1.900 ekintza aurreikusi dituzte. Esparru geografikoari dagokionez, 18 herrialderi eta 12 eskualderi lehentasuna emango diete.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadi “irekiago, aktiboago eta erakargarriago” bat lortzeko nazioartekotzea “ondasun” bat dela defendatu du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak.
Lehendakariak Euskadi Basque Country 2018-2020 estrategia aurkeztu du Bilbon. EAEko Exekutiboaren kanpo harremanak markatuko ditu datozen urteetan, 270 milioi euroko aurrekontu batekin eta 1.900 ekintzarekin.
Estrategiak erakunde eta eragile publiko zein pribatu guztiak bildu nahi ditu. Egitasmoak bost sektore ditu: Kanpo Harremanak, enpresen nazioartekotzea, Turismoa, Kultura eta Garapenerako Lankidetza.
27 esparrutan lan egingo du estrategiak, besteak beste, kirola, giza eskubideak, gobernantza, berdintasuna, berrikuntza, lanbide heziketa eta gizarte politiketan.
Eragile globala
Egitasmoaren funtsezko helburuak “Euskadi eragile globala izatea, Europar Batasunean presentzia sendotzea eta munduan euskal interesak sustatzea” izango dira.
Horretarako, Euskadi Basque Country markaren tokia hobetu, NBEko Garapen Jasangarriaren Helburuetan erreferentzia izan, EBko ekimenetan presentzia areagotu eta aliantzen bidez mugaz gaindiko harremanak bultzatu nahi dituzte.
Berritasunen artean, urtero Euskadi Basque Country egun bat ospatzea, Euskadiko “adiskide” sari bat sortzea eta sailen arteko funts baten bidez atzerrian proiektuak bultzatzea daude.
Eusko Jaurlaritzako teknikarientzako nazioarteko mugikortasun programa bat, gogoeta eta berrikuntza lantaldeak sortzea edo EAEn kanpo harremanetarako ezagutza sare bat martxan jartzea beste proposamen zehatz batzuk dira.
Lehentasuna: 18 herrialde eta 12 eskualde
Esparru geografikoari dagokionez, 18 herrialderi (besteak beste, Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua, Alemania, Finlandia, Mexiko, Txile, Txina, Japonia eta Hegoafrika) eta 12 eskualderi lehentasuna emango diete. Eskualdeetako batzuk “bazkide estrategikoak” dira dagoeneko, besteak beste, Akitania, Flandria, Queretaro, Bavaria, Kundanimarka, Jiangsu eta Quebec.