Ekonomia -

ERREAKZIOAK

Inocencio Alonsok 13 ordu zeramatzan lanean Ertzaintzako sindikatuek salatu dutenez

Goizeko zazpietan sartu zen lanera Iurretako ertzain-etxean eta, beraz, bihotzekoa izan zuen unean 13 ordu zeramatzan lanean.

ERNErentzat heriotza bortitza izan da Bilbon hildako ertzainarena

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzako sindikatuek salatu dutenez, atzo San Mames inguruan Athletic eta Spartak taldeen arteko partidaren atarian hil zen Inocencio Alonso ertzainak 13 ordu zeramatzan lanean bihotzekoa izan zuenean. Goizeko zazpietan sartu zen lanera Iurretako ertzain-etxean eta, beraz, bihotzekoa izan zuen unean 13 ordu zeramatzan lanean.

Hildako ertzaina afiliatu zen Esan sindikatuak eta Erne Ertzaintzako sindikatu nagusiak prentsaurreko bana eskaini dute gaur goizean, eta salatu dutenez, atzoko segurtasun dispositiboan parte hartu zuten ertzainetako askok 14 ordu zeramatzaten lanean partida hasterako.

Eneko Urkijo Esan sindikatuko idazkari nagusiak azaldu duenez, furgonetatik jaisterakoan ondoezik sentitu eta lurrera erori zen eta tokian bertan bere lankideek artatu zuten.

Urkijok gezurtatu egin du Eusko Jaurlaritzak esandakoa, alegia, istiluak gertatu ziren unean 500 ertzain ari zirela dispositiboan lanean: "une horretan Ertzaintzaren brigada mugikorreko 216 ertzain eta Babes Zibileko 150 kide zeuden". Halaber, bederatzi ertzain zauritu zirela eta horietako lauk baja hartu dutela salatu du.

Iñigo Cabacas Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilotakada baten ondorioz hil zenetik debekatuta dago gomazko pilotak erabiltzea, baina Urkijok berriro erabiltzea defendatu du. Gainera, Herri Norte taldeko kideak taldetik kanporatzeko eskatu dio Athletici.

Bestalde, Erne sindikatuak egin bezala, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordearen eta Ertzaintzako zuzendariaren dimisioa eskatu du, istiluak izan ziren unean Madrilgo polizia azoka batean parte hartzen ari zirelako krisi mahaian egon beharrean.

Esan sindikatuak kontzentrazioa deitu du larunbatean, 12:00etan, San Mameseko zabalgunean eta Inocencio Alonso hil zen tokiari bere izena emateko eskatu dio Bilboko Udalari.

Erne sindikatuko Roberto Seijo idazkari nagusia ere ildo beretik mintzatu da, eta "indarkeriara bultzatzen duten deialdiak egiten dituztenak" jo ditu ertzainaren heriotzaren "erantzule zuzen". Halaber, partida hasi baino bi ordu lehenago, Herri Norteko taldeko kide batzuei borra luzagarriak, barra metalikoak, eskumuturreko amerikarrak, harriak eta material piroteknikoa atzeman zizkietela nabarmendu du.

Ordutegiak sindikatuekin adostu zituztela gogorarazi du Beltran de Herediak

Bestalde, Brigada Mugikorreko ertzainek ostegunean Bilbon bete zuten lanaldia “duela urte batzuk sindikatuekin adostu” zutela gogorarazi die Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak sindikatuei.

Beltran de Herediak eta Iñigo Urkullu lehendakariak Inocencio Alonso ertzainaren hil-kapera bisitatu dute arratsaldean.

Sailburuaren hitzetan, “Sailarentzako, Ertzaintzarentzako eta atzo berarekin lanean ari ziren lankideentzako egun triste, gogorra eta zaila da gaurkoa, baina Ertzaintzaren profesionaltasuna ikusita, harro egoteko eguna ere bada”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Futbola Bilboko azken albisteak Ertzaintza Gaurko albisteak Bizkaia Athleticen zelai berria Gizartea bideoak Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Albisteak Euskal sindikatuak