Ekonomia -

Aholkularitza Batzordea

Gastu soziosanitarioa BPGren % 8tik % 15era pasa daiteke 2030ean

Lehendakariaren Aholkularitza Batzordeak Euskadiren erronka demografikoa aztertu du egindako hirugarren bileran.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun eta zerbitzu sozialen gastua Barne Produktu Gordinaren % 8,4 izatetik % 15eko izatera pasa daiteke 2030ean, Euskadin.

Patxi Lopez lehendakariaren ekonomia gaietarako Aholkularitza Batzordeak egindako azterketetako bat da. Urte hasieran osatu zutenetik, Batzordea hirugarrengoz bildu da, 2030era begira Euskadiren erronka demografikoa aztertzeko.

EAEk jaiotze-tasa txikia du eta 2030ean % 0,4 behera egitea espero dute adituek. Gainera, biztanleria zahartu egingo da, izan ere, 16 eta 64 urte bitarteko lagunen taldea % 11,4 murriztuko da eta 64 urtez gaineko pertsonen kopuruak % 38,5 egingo du gora.

Horrela, aurten 65 urtez gaineko lagun bakoitzeko 3,5 pertsona lanean ari badira, 2030ean soilik 2,2 lagunek izango dute lan egiteko adina.

Jasangarritasuna

EAEko kontu publikoen jasangarritasuna bermatzeko egin beharreko aldaketak aztertu dituzte aholkulariek gaurko bileran, batez ere osasun eta pentsioen prestazioetan.

Zentzu horretan, neurri egokiak hartu ezean gastu soziosanitarioa biderkatu daitekeela ohartarazi dute aholkulariek. Hala ere, agintariak estrategia egokiak hartzen hasi direla uste du Batzordeak, Osasun Sailak prestatutako kronikoen estrategia esaterako.

Zerbitzu publikoen arrazoizko erabilera eta "sistema finantzatzeko beharrezko ekarpena" egiteko bakoitzak ardurak hartu behar dituela esan du Aholkularitza Batzordeak, gastu horren hazkundeari aurre egiteko.

Koordainketa

Ildo horretatik, "koordainketa neurri batzuk kontu publikoen jasangarritasuna lortzeko tresnak izan" daitezkeela uste du Batzordeak, baina ekitatea mantenduz.

Bestalde, etorkin kualifikatuak erakartzea, gazte lan politika espezifikoa egitea eta erantzukizunen banaketan oinarritutako lan-harreman eredu bat sustatzea proposatu dute aholkulariek, enpresen "lehiakortasuna mantentzeko tresna gisa".

Lanaldiaren malgutasunari buruz gogoeta egitea beharrezkoa dela aipatu du Batzordeak, zenbait kategorien bizitza aktiboa luzatzeko, "senior talentua" goraipatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea