Ekonomia -

2030etik aurrera

Pentsioak bermatzeko neurri gehiago eskatu dizkio Espainiari EBk

Erretreta adina atzeratzearekin nahikoa ez dela uste du Europar Batasunak. Gomendioak pentsioei buruz egindako txosten bateratu batean bildu dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2030tik aurrera bere pentsio-sistemaren jasangarritasuna bermatzeko neurriak hartzea gomendatu dio Espainiari Europar Batasunak (EB), erretiroaren adina atzeratzearekin nahikoa ez dela uste duelako.

Politika Ekonomiko eta Babes Sozialeko Europako batzordeek pentsioei buruz egindako txosten bateratu batean bildu dituzte gomendioak. EBko ministroen Kontseiluak (Ekonomia eta Finantzak) babestu du gaur txostena Bruselan.

Espainiako Gobernuak iragan urtarrilean aurkeztutako pentsioen erreforma "justifikatu" du txostenak, kontu publikoen finantza-egonkortasuna bermatzeko.

Hala ere, Espainiak zenbait arriskuri egin beharko die aurre, eta horregatik "2030tik aurrera Gizarte Segurantzaren sistemaren jasangarritasuna bermatu beharko du". Izan ere, Espainia bizi-itxaropen handiena duen bigarren herrialdea da eta 2010etik 2040ra bitartean pentsiodunen kopurua bikoiztuko da.

Gobernua

Ecofinen bileran parte hartu du Elena Salgado Ekonomia ministroak. Espainiako pentsio-sistemaren "sendotasuna onartzen" du txostenak, Salgadoren hitzetan. "2030era arte arazorik izango ez" duela dio txostenak, baina hortik aurrera erreforma bat egitea beharrezkoa izango dela onartu du ministroak.

"Gizarte Segurantzako zergapekoen kopuruak behera egin du langabezia-tasa kezkagarria dela-eta", azpimarratu du txostenak. Egoera dela medio, erretreta atzeratzearekin ez da nahikoa, eta horregatik lan-merkatua erreformatzea eskatu dio Espainiari EBk. Espainiak "herritarrak denbora gehiago lan egitea baimendu eta sustatu" behar duela uste du EBk, gazteen artean batez ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea