Ekonomia -
Lan-gatazka Ertzaintzan
Urkulluk elkarrizketa 'errealista' eskatu dio Ertzaintzari, dagokion foroan
Lehendakariaren hitzetan, 'Euskadin gertatzen den edozein gertakariri erantzuteko bitarteko eta baliabide pertsonal nahikoak' ditu polizia autonomikoak.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzaren baitan dagoen lan-gatazka dela eta, Eusko Jaurlaritza "arazoak konpontzeko" lanean ari dela azpimarratu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Polizia autonomikoari elkarrizketa "errealista" eskatu dio, lan-gatazkak aztertzeko dauden foroetan.
Delituaren Prebentziorako Analisi Kriminalaren Nazioarteko I. Mintegian egin ditu adierazpenok lehendakariak, Zornotzan (Bizkaia). Giroa gaiztotuta dago Ertzaintzan, eta sindikatu batzuek "kudeaketa txarra" egotzi diote Segurtasun Sailari. Urak arre doazen isla izan zen, hain justu, joan den astean Legebiltzarraren aurrean 200 ertzainek baino gehiagok egindako elkarretaratzea.
"Ez ditugu arazoak saihesten", esan du Urkulluk eta erantsi du lan-gatazkak "aldiro-aldiro biltzen diren elkarrizketarako, antolaketarako eta negoziaziorako barne foroetan" aztertu, landu eta konpontzen direla. Lehendakariaren hitzetan, elkarrizketa "errealismotik egin behar da, bakoitzaren eskuduntzak errespetatuta".
Nabarmendu duenez, "Euskadin gertatzen den edozein gertakariri erantzuteko bitarteko eta baliabide pertsonal nahikoak" ditu Ertzaintzak.
"Gizarteak jakin behar du herritarren segurtasuna bermatuta egongo dela", adierazi du Athletic eta Olympique Marseilla taldeen arteko partida jokatzen den astean sindikatuek iragarritako protesten kontura.
"Ertzain guztiek ongizaterako ezinbestekoa den segurtasunaren alde egiten dute"
Lehendakariak ertzain guztien lana goraipatu du hitzaldian: "Euren arloa zein den gorabehera, guztion ongizaterako ezinbestekoa den segurtasunaren alde egiten dute. Eusko Jaurlaritzak horrekiko konpromiso erabatekoa du". Nabarmendu duenez, lan arazoak dagokion foroan "aztertu, landu eta konpontzen" dira.
Horren ildoan, atzo Ertzaintzaren sindikatuen eta Segurtasun Sailaren artean izandako bilera eta bertan adostutakoak balioetsi ditu.