Ekonomia -
Fakturazioaren % 3
Erraldoi digitalek zerga gehiago ordaintzea nahi du Europar Batasunak
Ekimena Frantziak eskatuta jarri dute abian, blokeko ekonomia nagusien (Alemania, Espainia, Italia edo Erresuma Batua) babesarekin.
Agentziak | Erredakzioa
Teknologia enpresa handiei fakturazioaren % 3ko zerga ezartzea proposatu du gaur Europako Batzordeak. Konpainia horiek, gehienak estatubatuarrak, hazienda publikoari laguntzeko lehen pauso bat izango litzateke; izan ere, irtenbide orokor batentzako adostasunik ez dago oraindik.
Ekimena Frantziak eskatuta jarri dute abian, blokeko ekonomia nagusien (Alemania, Espainia, Italia edo Erresuma Batua) babesarekin. Iragan irailean dagoeneko araudiaren hutsuneekin amaitzeko premiazko neurriak eskatu zituzten estatuek. Enpresa tradizionalek batezbeste % 23,2ko bazkun-zerga ordaintzen dute, digitalek % 9,5ekoa soilik pagatzen duten bitartean.
“Aldi baterako” neurri bat izango dela errepikatu du EBko Exekutiboak. Horrela, epe luzerako irtenbide bat adostu bitartean bakarrik aplikatuko litzateke. Sozietate-zerga non eta zenbat ordaindu behar duten erabakitzeko enpresen presentzia digitala kontuan izango dute.
Estatu kideek arautu baino lehenago neurriren bat hartzea beharrezkoa zela uste du Europako Batzordeak, enpresen artean ezinegona ez sortzeko.
Mundu osoan 750 milioi euro baino gehiago fakturatzen dituzten enpresei bakarrik aplikatuko zaie zerga, baita EBn 50 milioi euro baino gehiago fakturatzen dituztenei ere. Ondorioz, enpresa txiki eta azaleratu berriak kanpoan geratuko lirateke.
Neurriak 120-150 konpainiari eragingo diela aurreikusi du Batzordeak, horietatik erdia gutxi gorabehera estatubatuarrak izango dira, eta heren bat europarrak. Horrela, zergetan urtero 5.000 milioi euro bilduko lituzkete erakundeek.
Enpresa estatubatuarren aurkako zerga ez dela arrazoitzen saiatu da Batzordea. Zentzu horretan, AEBek EBko altzairu inportazioei ezarritako muga-zergagatik errepresalia izatea ukatu du, nahiz eta neurriak Ameriketako Estatu Batuetako erraldoi teknologikoei eragin.
Neurriek “gure kontinentean sektorearen buru izan daitezkeen enpresa digitalak sortzea arriskuan jar dezakete”, kritikatu du BusinessEurope patronalak. Europako Sindikatuen Konfederazioak (ESK), ostera, neurria txalotu du, eta “norabide egokian pauso” bat dela nabarmendu du.
Proposamena Estatu kideen esku geratuko da orain. Neurria aho batez onartu behar dute. Ostegun honetako goi-bileran lehen eztabaida izango dute.
Aho batez onartzea zaila izango da; izan ere, Irlanda (atzerriko enpresa handi gehienen egoitza), Luxenburgo edo Malta edozein zerga ezartzearen aurka agertu ohi dira.