Ekonomia -

Emaitza ekonomikoak

Historiako ekoizpen handiena lortu du Petronorrek 2017an

Petrolio-enpresak 74 milioi upel prozesatu ditu, eta 178,3 milioi euroko irabazi garbia izan du, 2016an baino gutxiago.

Petronorrek Muskizen duen instalazioaren irudia.
Petronorrek Muskizen duen instalazioaren irudia.
Petronorrek Muskizen duen instalazioaren irudia.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Petronorrek historiako bere ekoizpen handiena izan du 2017an, baina aurreko urtean baino % 19,8 gutxiago irabazi du, Emiliano Lopez Atxurra enpresaren presidentearen arabera. Halaber, enpresak 281 miloi euro ordaindu zizkion Bizkaiko Foru Aldundiari zerga bidez.

Petrolio-findegiak 74 milioi upel prozesatu zituen iaz, bi hilabete eta erdiko geldialdi orokorra egin arren. Salmentak 11 milioi tona ingurukoak izan ziren; horien % 37 esportaziora bideratu ziren, eta gainerako (% 63) Estatuko merkatuan.

Bestalde, Petronorrek 393 milioi euroraino murriztu du zorra. 1.200 milioi euroko zorra zuen 2012. urtean, baina txikitu egin dela azpimarratu dute: “Hirugarrenekin genuen zorra likidatu dugu, baita Europako Inbertsioen Bankuarekin genuena ere”. Gainera, 2017an finantza-zorraren amortizazio aurreratua egin du, eta 257 milioi euro gutxiago zor ditu orain.

Emaitzak azaldu ostean, Petronorreko presidenteak etorkizunean egingo dituzten inbertsioak azaldu ditu. Negozio berriak eta digitalizazioa izango dituzte erronka nagusi, eta 20 milioi euro inbertituko dituzte bi horiek bultzatzeko.

Atxurraren ustez, digitalizazioa “tresna estrategikoa” da garapenerako, eta beste negozio energetiko batzuetan parte hartzeko prest daude: “Petronor ez da petrolio-findegi hutsa, enpresa energetikoa ere bada”. Horretarako, ekoizpen-jarduera “horren merkatu naturalean, energian eta mugikortasunean toki nabarmena” izatera bideratuko dute.

Halaber, Petronorrek neurriak hartu ditu bere instalazioen eraginkortasun energetikoa hobetzeko. Lopez Atxurraren arabera, 60.000 tona fuel gutxiago kontsumituko dituzte aurrerantzean neurri horiei esker.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Petronor argazkiak Albisteak