Ekonomia -
Babcock Power España
Bizkaiko lantegia ez ixteko 'akordioak' bultzatuko dituzte langileek
A-Tecek kaudimenik ez duela adierazi du eta taldea administratzaile judizial baten esku geratuko da. Aurrerantzean, "taldeko enpresa bakoitzak bere kabuz moldatu beharko du".
Erredakzioa
A-Tec enpresak bizi duen egoera larritik ateratzeko "akordioak" adostu nahi dituztela adierazi dute gaur Babcock Powerreko langileek. Bizkaiko lantokia ixtea saihestu nahi dute, Enpresa Batzordeak ohar batean iragarri duenez.
A-Tec partzuergo austriarrak taldeak kaudimenik ez duela iragarri ostean, Babcock Power Españako enpresa batzordea egoera aztertu du; izan ere, hemendik aurrera "taldeko enpresa bakoitzak bere kabuz moldatu beharko du", sindikatuko iturrien arabera.
Enpresako batzordeak jakinarazi duenez, goizean enpresako zuzendariarekin bildu ostean, arratsaldean berriro bildu dira; izan ere, zuzendariak esan die A-Tec taldearen kaudimen gabezia aurkeztu dutela Austrian, eta taldeko administratzaile judizial bat izendatuko dutela.
Hori horrela, "Austriatik ez diote dirurik bidaliko Babcockeri, eta ez dira "bere arazoetaz eta proiektuetaz arduratuko".
Babcock Powerreko enpresa batzordearen ustez, Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietateak (SEPI) "zer esanik badu", Bizkaiko enpresarekin akordioak sinatuak baitituzte.
Batzordeak azaldu duenez, A-Tecek kaudimen gabezia iragarri ostean, Babcock Power España enpresaren baliabideak urriraino helduko dira soilik; beraz, baliteke datorren hilean hartzekodunen konkurtsoan deklaratzea.
Hori horrela, fabrika ixtea eta langile guztiak kalera joatea saihestu nahi dute langileen ordezkariek.
"Akordioak lortu beharko ditugu irtenbide bat aurkitzeko, baina lanarekin eta konpainia itxi gabe", esan dute.
Batzordearen hitzetan, SEPIk, alderdi sozialistak eta Eusko Jaurlaritzak dute erantzukizuna Babcocken egungo egoeran. Izan ere, huts egindako bi pribatizazio jasan ditu; lehena, Alemaniako Babcock Borsigeri saldu ostean, eta bigarrena, A-Tec austriarrari saldu eta gero.
Biharko batzarrean mobilizazio egutegia eztabaidatuko dute langileek; izan ere, A-Tecen kaudimen ezaren aurrean, SEPIk, Eusko Jaurlaritzak eta alderdi sozialistak "mugimenduak" egitea espero dute.